Goierriko artisten topaleku izango da Igartzako burdinola
Goierriko 30 inguru artisten lanen erakusketa irekiko dute larunbatean egingo duten juntadizoarekin.
Goierriko artistak urteroko topaketa egiteko atzera kontaketan ari dira. Larunbatean izango da hitzordua, Igartzako monumentu multzoko Burdinolan. Arte diziplina desberdinak lantzen dituzten 30 inguru artisten lanekin osatutako erakusketa irekiko dute juntadizoarekin; margolanak batik bat, baina baita eskultura eta argazkilaritza ere. Erakusketa hurrengo asteetan ikusgai egongo da.
Gontzal Torres eta Iker Dorronsoro dira aurtengo topaketa, 22.ena izango dena, antolatzeko ardura hartu dutenak. Topaketak hainbeste urtean irauteko sekretua zein den aitortu dute: “Pasioa da motorra, eta sortutakoa erakusteko nahia”.
Urtero, eguberri inguruan egin ohi dute topaketa hau. Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan egin zen urte askoan, Igartza Jauregiak hartu zuen ondoren eta iaztik, Igartza monumentu multzoko burdinolan egiten da. Larunbatean, 18:00etan izango da irekiera ekitaldia. Erakusketa ikustera inguratzeko gonbita egin dute antolatzaileek.