«Helburua beti herrigintzaren alde lan egitea izan da»
EH Bilduk lehenengo aldiz irabazi zituen udal hauteskundeak maiatzean, Zegaman. Iker Zubeldia, (Beasain, 1981) buru duen udal gobernuak, politikan baino, herriaren alde lan egitean jarrita ditu helburuak.
Maiatzeko udal hauteskundeak izan zirenetik denbora bat pasa da. EH Bilduk irabazi zuen, Zegama Lantzeni botoetan aldea aterata. Espero al zenuten?
Espero izan ez bagenu ez ginateke aurkeztuko, baina egia da, atzetik joanda aurretik horrenbeste ezberdintasunarekin geldituko ginela ere ez genuela aurreikusi. Kontu pixka bat eduki behar da amets egiterako garaian.
EH Bilduk Zegaman alkatetza lortzen duen lehendabiziko aldia izan da. Zegamarrek aldaketaren aldeko apustua egin zutela esan zenuen hauteskundeak pasa berritan.
Hori garbi ikusi da emaitzetan. Haize berri bat nahi zuten zegamarrek eta gugan ikusi zuten aukera hori egon bazegoela, eta nik uste dut horregatik eskaini digutela konfiantza hori.
Zergatik erabaki zenuen alkategai aurkeztea zure burua?
Aurretik ere inoiz pasatu izan zitzaidan burutik, baina orain arte ez dut serio planteatu aukera hori. Inguruko jendeak eta herritarrak animatuta aurkeztu nintzen, apustu hori egin beharra neukala esan zidaten, orain zela garaia eta irabazteko aukerak izango nituzkeela. Poliki-poliki baldintza batzuk adostu nituen alderdiarekin eta gustuko taldea osatzeko aukera izan nuen.
Nola definituko zenuke EH Bilduren gobernu taldea?
Gure taldeak herrigintzatik gehiago du politikatik baino. Gure taldea zerbait bada, plurala da eta politikatik aldendu eta herriari begira lana egiteko taldea osatu nahi izan dugu. Sigla batzuen barruan jokatu beharra daukagu, baina helburua hasieratik herrigintzarena izan da.
Hauteskundeen atarian, aipatu zenuten Zegamako alderdi bitasunaren amaitzea zela EH Bilduren helburuetako bat. Nola planteatzen duzue Zegama Lantzenekin elkarlana datozen lau urte hauetan?
Ari gara. Herri txiki hauetan denok ezagutzen dugu elkar eta irabazten duenak badaki bere aukera orain aprobetxatu behar duela eta galtzen duenak ere badaki elkarlanean herriaren alde lana egin beharra dagoela, lehenengo ilaratik edo bigarrenetik, berdin. Nik uste dut, bai alde batetik eta bestetik aurkeztu garen guztiok oso garbi daukagula helburu hori.
«Inguruko jendeak eta herritarrak animatuta aurkeztu nintzen alkatetzara»
«Politikatik aldendu eta herriari begira lan egiteko taldea osatu nahi izan dugu»
Zeintzuk dira Zegamak datozen lau urteei begira dituen erronka nagusiak?
Ez dadila lanik falta Zegaman, etxebizitzen gaia ere hortxe dago. Gaur egun kosta egiten da etxebizitzak saltzea, agian alokairu soziala bezalako aukerak aztertu beharrean gaude. Hirigintza plana ere berritu beharra daukagu. Gainontzean, dauzkagun zerbitzuak mantendu behar ditugu herri atsegin batean bizi ahal izateko eta ahal dela, bertako jendeari bertan eusteko.
Etxebizitzaren gaiari lotuta nabaritu al duzue Zegaman jendeak kanpora joateko joera hartu duenik?
Bertako jendea oso gustura bizi da Zegaman eta bertakook ez dugu inora alde egin, orokorrean. Erroldari erreparatuta, azken urteetan, hemendik alde egin dutenak baino gehiago izan dira kanpotik bertara bizitzera etorri direnak. Pandemiaren eraginez eta orokorrean, jendea hiri handietan bizitzen aspertzen ari delako gertatu da hori.
Zergatik, zure ustez?
Zegama oso herri saltseroa da. Bazter batean gaudelako ustea dagoen arren, Euskal Herriko hiriburu guztietara denbora antzekoa dago hemendik, oso ondo kokatuta gaude. Inguruneari begiratuta mundu guztiak badaki zer paraje ditugun inguruan; taberna giroa ere badaukagu eta hori oso garrantzitsua da herri txikietan; azpiegitura aldetik ere ondo hornituta gaude, baditugu gure igerilekua, gimnasioa, pilotalekua, etab. Nik uste dut oso herri erakargarria dela bizitzeko.
Etxebizitzaren beharraz gain, hauteskunde kanpainan aipatzen zenuen adinekoek elkartzeko leku bat behar zutela.
Gaur bertan sinatuko dugu Seguran Haizea taberna zenaren erosketa, hain zuzen, adinekoak elkartzeko gune izango dena aurrerantzean. Urtebete darama tabernak itxita eta oso egoera onean dago eman nahi diogun erabilerarako.
Herriak azken urteetan galdu dituen zerbitzuak berreskuratzea ere badago zuen helburuen artean.
Pandemia garaian osasun zerbitzuak okerrera egin zuen, Idiazabalera jo behar izaten genuen hainbat kontsultetara, baina gaur egun egoera normalizatu dela esan daiteke. Orain, egunero daukagu mediku eta erizain zerbitzua Zegaman. Gainontzean, banketxeek ez dute eguneroko zerbitzurik ematen herrian.
Gazteek eta haurrek neguan egoteko leku bati ere garrantzia eman zenioten kanpainan.
Pilotalekuko argiak pizten ditugu egunero 17:00etatik 19:00etara. Gurea bezalako herri txiki batean, neguan aterpe bat argiarekin edukitzeko aukera izatea gauza handia da, kafe makina bat ere jarri dugu bertan.
Gazteleku berria ere inauguratu zen aurreko agintaldian, aurreko udal gobernuaren ekimenez. Guk barrutik hornitu dugu orain. Oso lokal txukuna geratu da; alde batean Gaztelekua dago eta bestean, ikus-entzunezko gela. Ikasgela bat ere segituan jarriko dugu martxan.
«Alde egin dutenak baino gehiago izan dira bertara bizitzera etorri direnak»
«Nik uste dut Zegama oso herri erakargarria dela bertan bizitzeko»
Udal gobernu berria, ahalegin handia egiten ari da komunikazio bide berriak zabaltzeko.
Garai hauek hori eskatzen dute, sare sozialetara saltoa ematea, alegia. Idoia Berasategik eramaten du sare sozialen atala, eta egia esan jende askok esan digu lehen enteratzen ez zen gauza askotaz enteratzen dela sare sozialei esker.
Energia berriztagarriak herrian ezartzea beste erronketako bat al da?
Hemendik hiruzpalau urteren buruan udal energiaren kostua %35era jaistea da helburua. Herriko kale argiteria gehientsuena kontsumo baxuko led sistemara aldatuta dago, dagoeneko. Aerotermia bidezko sistema bat ere jarri dugu ostaturako bereziki.
Herria barrura begira eraikitzea gustatuko litzaizukeela esan zenuen maiatzean. Zertaz ari zinen?
Herria barrura begira eraikitzeak esan nahi du, udalaren eta herritarren arteko harremanak orain artekoak baino sinpleagoak eta emankorragoak izatea, herritarren eta agintarien arteko komunikazioa bermatu ahal izateko.












