Muni ZZ musikariaren ‘Ojos de Luto’ lehen diskoa kalean da
Idiazabaldar jatorria duen Mounir El Ouazzani —Muni ZZ izen artistikoaz ezaguna— musikariak Ojos de Luto lehen diskoa argitaratu du Heiss ekoiztetxearekin. Musikariak esan duenez, lan autobiografikoa da, «iraganeko bizipenetan» oinarritutakoa.
Hamar abestik osatzen dute Ojos de Luto eta osasun mentalaren inguruko hausnarketa bultzatzea du helburu. Gaur egungo gazteen egoera emozionalaren inguruko hausnarketa egin nahi izan du, «frustrazioa, antsietatea edo depresioa gaur egungo gazteen artean oso orokortuta dauden sentipenak dira. Arazo horiek kudeatzeko zailtasunak ditugu, ez zaigulako inoiz horiekin bizitzen irakatsi», dio.
Idiazabalekiko lotura
Diskoa azaroaren amaieran argitaratu zen plataforma digitaletan eta segituan aterako da euskarri fisikoan. Oso gustura dago lanak izan duen harrerarekin «25.000 ikustaldiren muga» gainditu zuen plataforma digitaletan aste betean.
Bere estiloari leial, rap-a dago oinarrian, baina « flamenkoa, reaggeaton-a, rhythm and blues-a, trap-a edo elektronika» bezalako generoak ere uztartu ditu lan berrian. Gaur egun, Idiazabalen bizi ez den arren, gurasoek herrian duten jatetxean lan egiten du eta dioenez, asko gustatuko litzaioke Idiazabalen emanaldiren bat egitea. Gaztetxe eta udaletxeekin harremanetan daude herrietan kontzertuak ixteko.