Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ez dute hutsik egingo Ordizian
'Ez gara jaitsiko!' ikuskizun berriaren bi saio egingo dituzte Majori kiroldegian abenduaren 16an. Urruñako ikastolaren eta Ziburuko Kolegioaren aldeko ekitaldia da.
Goierriko haurren artean oso ezagunak eta maitatuak dira Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Katxiporretako pailazo lagunak. Azken 27 urteetan, Eguberri inguru honetan, hutsik egin gabe izaten dira Ordiziako Majori kiroldegian, urteko ikuskizun berria aurkezten. Goierri beheko hiru ikastolak –Ordiziako Jakintza, Lazkaoko San Benito eta Beasaingo Andramendi–, Hazia elkartea, Ziburuko Kolegioa eta Urruñako ikastolak antolatutako elkartasunezko jaialdia izaten da.
Aurten ere Ordizian dute hitzordua Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Goierriko haurrekin. Abenduaren 16an Ez gara jaitsiko! ikuskizun berriaren bi emanaldi egingo dituzte Majori kiroldegian, 16:00etan eta 18:30ean. Sarrerak aurrez erosteko aukera izango da ikastoletan eta antolakuntzak zehaztutako guneetan; eta online ere bai.
‘Ez gara jaitsiko!’
Ohi bezala, ikuskizun berria aurkeztera etorriko dira pailazoak Majori kiroldegira. Ez gara jaitsiko lan berrian «Marimotots zuhaitz baten adaburura igo da, han goitik lurra hobeto ikusteko. Pirritxek eta Porrotxek atzetik jarraituko diote. Eta zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar, espero gabeko lekuetara helduko dira».
Sarrerak aurrez non erosi
- Ordizian. Majori kiroldegian.
- Lazkaon: Gerriko liburudendan.
- Beasainen: Antzizar tabernan.
- Seguran: Elorripe tabernan.
- Itsasondon: Kaxintane tabernan.
- Idiazabalen: Izpar dendan.
- Online: Kutxabank-eko webgunean eta Katxiporreta.eus webgunean.
- Prezioa: 9 euro.













