Sean Kelly Ordizian izango da abenduaren 28an, igerilari eta teknikariekin
Espainiako Igeriketa Federazioko Zuzendari Teknikoa da Kelly. Entrenamendu tekniko bat eskainiko die Ordizia K.E-ko alebin eta infantil mailetako igerilariei, eta teknikarientzako mahai-ingurua izango da gero.
Sean Kelly Espainiako Igeriketa Federazioko Zuzendari Teknikoa Ordizian izango da abenduaren 28an, Ordizia K.E. Igeriketa taldeak antolatutako jardunaldian. Ordiziako taldeko igerilariek adituarekin entrenamendu tekniko bat egiteko aukera izango dute, eta ondoren mahai-inguru bat izango da bertako zein inguruko herrietako teknikariei zuzenduta.
Egun berean, bi saio ezberdin izango dira, Majori Kiroldegian. 16:00etan egingo dute clinic-a. Kelly-k Ordiziako alebin eta infantil mailetako igerilariei laguntza teknikoa emango die, haien jarduera hobetzeko gakoak eskainita. Jarraian, 18:00etan, izena eman duten teknikariek zuzendari teknikoarekin hitz egiteko aukera izango dute. Parte hartu nahi duten teknikariek galderak bidali ditzakete torneo@ordiziaigeri.com helbide elektronikora, bertaratzea baieztatzearekin batera.
Goi mailako igerilarien entrenatzaile
2020tik dago Sean Kelly irlandarra karguan. 2009 eta 2013 urteen artean Britainia Handiko errendimendu handiko zentro bateko buru izan zen, eta Europako, munduko zein Olinpiar Jokoetako dominadunak entrenatu izan ditu.
1983tik jokatzen den Nazioarteko Eguberrietako Igeriketa Txapelketa Ordizian jokatuko da aurten. Duela urte batzuetatik, Donostian eta Ordizian jokatzen da txapelketa, txandaka. Iaz, Donostian izan zen, eta Ordizian 2021n azken aldiz. Hala, Euskal Herriko igeriketa txapelketarik garrantzitsuena Goierrira itzuliko da aurten. Abenduaren 29an jokatuko da. Goizeko jardunaldia (sailkatze probak) 10:00etan hasiko da, eta arratsaldekoa (finalak), berriz, 18:30ean. Nazioarteko goi mailako igerilariek parte hartzen dute txapelketan, baita Euskal Selekzioko igerilariek ere. Euskal Selekzioaren behin-behineko deialdian sartu dute Nahia Garrido urretxuarra.
Igerilaririk onenen topaleku bilakatuko da Ordiziako Majori Kiroldegia hilaren 29an beste behin. Aurten, gainera, ohi moduan egingo da, neurririk gabe. 2021ean, covid-19a zela eta, ez zen publikorik izan igerilekuan. Urte hartan, Simona Kubova txekiarra eta Hugo Gonzalez de Oliveira mallorkarra izan ziren irabazleak.