Bi argazkilari legazpiar parez pare bihar, Burdinola elkartearen eskutik
Ignazio Agirre Montegiri buruzko hitzaldia egingo du bihar Gorka Salmeronek Kultur Etxean. XX. mende hasierako argazkilariaren lana aztertuko du, eta orain arte argitaratu gabeko argazkiak erakutsiko ditu.
Legazpiko Bikuña jauregian XX. mendearen hasieran ateratako argazki bat. Udal egutegian agertzen da, koloreztatuta. IGNACIO AGIRRE MONTEGI Legazpiko bi argazkilari handi pare-parean jarriko ditu Burdinola elkarteak. Ignacio Agirre Montegi gehiago ezagutzera emateko asmoz hitzaldi bat antolatu du. Aurten udalak kaleratu duen egutegiko irudiak harenak dira, XX. mende hasieran Legazpin ateratakoak, eta Gorka Gomezek adimen artifiziala erabilita koloreztatuta argitaratu ditu. Burdinolak Legazpiko gaurko beste argazkilari bati eman dio hitzaldia egiteko enkargua, Gorka Salmeroni.
Agirre Montegi ondo ezagutzen du Salmeronek, eta bere eskutik Legazpiko lehen argazkilaria afizionatuari eta haren lanari buruz gehiago jakin nahi duenak, bihar du hitzordua Kultur Etxean, 19:00etan.

Ignazio Agirre Montegi.
Bildumaren osaketa
Ignazio Agirre Montegi (1861-1942) madrildarra zen, baina aita Brinkolako Igeralde Garakoa eta ama donostiarra zituen. Agirrek oinordetzan jaso zuen etxe bat Legazpiko plazan, gaurko posta bulegoa dagoen lekuan zegoena, eta askotan etortzen zen bertara.
Etxea 1990-91an bota aurretik, 447 argazki estereoskopiko jaso zituzten bertatik, eta aurrerago beste 37 gehiago lortu zituzten, ikusteko aparatu eta guzti. Guztiak Burdinolari eman zizkioten dohaintzan, baita elkarteko kide den Gorka Salmeronek aurrerago lortu zituen beste argazki xafla batzuk ere. Bilduma hartan Legazpiko, Euskal Herriko, Espainiako, Alemaniako, Frantziako, Italiako eta Marokoko irudiak zeuden, eta 1900 eta 1908 bitartekoak ziren.
‘Korreos’-eko etxea
Salmeron, gainera, argazki guztiak katalogatu eta digitalizatu zituen, eta kopiak ere atera zituen, eta argazkilariaren lanaren ikerketan eta zabalkundean murgildu zen. Besteak beste, hari buruz hitz egin zuen argazkigintza kongresu batean, eta Burdinolaren Txinpartak aldizkarian egindako hainbat argitalpen sustatu zituen.
«Argazkiak ikaragarriak dira, kalitate onekoak, eta dokumentu gisa oso balio handikoak. Argazkilari ona zen, begi ona zuen», azaldu du Agirre Montegiri buruz.
Argazki haietako batzuk biharko hitzaldian erakutsiko ditu Salmeronek, baita orain arte argitaratu gabe dauden beste batzuk ere, iaz gehiago eskuratu zituelako Agirreren oinordeko Julia Garcia Moraren bidez, 1912ra artekoak.
Bitxikerien artean, plazako etxea aipatuko du, «argazkigintzarekin oso lotuta dagoelako». Izan ere, «Legazpiko lehen argazkilari afizionatuarena izateaz gain, ‘Korreos’ bertan jarri zutenean, herriko lehen argazkilari profesionala izango zen Luis Lopez Rodriguez izendatu zuten zerbitzuko zuzendari».
Salmeronek, gainera, ondare gisa argazki horiek duten balioa azpimarratuko du, “objektu fisikoak dira, euskarria kristala da, eta gaurko mundu digitalean beste balio bat hartzen dute, beste esanahi bat”. Argazkien euskarri horietako batzuk koloretakoak direla ere gogoratu du, “kristalezko plakak koloretan egiten zituen, plaka autokromak ziren; Lumiere anaiek 1903an patentatutako sistema zen, eta 1907an komertzializatu zen lehen aldiz”.

Marsellako portua (Frantzia).

Burgos (Espainia).

Madril, Erramu igandea.

Tanger (Maroko).













