Idiazabal gaztaren 2024ko denboraldia martxan
Idiazabal gaztaren 2024ko denboraldia hasi berri dute gaurkoan, gazta mozketarekin. Aurtengoan Edorta Lamo izan da gazta mozteko aukera izan duen sukaldaria eta Gomiztegi Artzain Eskola eta Ondarreko Eneko Goiburu omendu dituzte.
Idiazabal gaztaren denboraldi berri bat jarri dute martxan gaurkoan Ordizian. Udaletxeko areto nagusian egin dute ekitaldia denboraldi honi hasiera emateko eta artzaintzari eta Idiazabal izendapeneko gaztari zeuzendutako ekitaldia izan da. Bertan, sektoreko hainbat pertsona garrantzitsu zein marko desberdinetako zenbait politikari elkartu dira. Aurten ere, ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak antolatu du, denboraldiari hasiera emate aldera.
Lehenik eta behin kofradiako kide batek eman dio hasiera ekitaldiari eta ondoren, Ordiziako alkate den Adur Ezenarrok hartu du hitza. Honek, bertaratutakoei ongi etorria eman die, Ordizia herri <<xumea>> dela aipatuz eta herriarekiko eta batez ere azokarekiko harrotasunez bizi den herria dela aipatuz. Eskerrak eman dizkie, gainera, hau guztia <<posible>> egiten duten artzain zein abeltzainei eta Idiazabal Gazta asteazkenero protagonista izaten dela adierazi du. Ondoren, beste zenbaitek hartu dute hitza eta guztiek esker hitzak izan dituzte, batez ere, Artzain Eskolari zuzendutako esker hitzak izan dira nabarmen gaurko ekitaldian, transmisio lana <<egoki>> egiteagatik zorionduz.
Ondoren, hitzak alde batera utzita ekintzari ekin diote, sari-banaketarekin. Oroigarriak eman dizkien lehenengoak Gomiztegi Artzain Eskolakoak izan dira. Hauek, ilusioz hartu dituzte oroigarriok eta esker hitzak besterik ez dituzte izan. Esker hitz horietako asko, gainera, eskolatik <<pasa diren>> eta gaur egun <<artzaintzan diharduten>> horientzat izan dira.
Jarraian, Eneko Goiburu segurarra izan da protagonista eta saritu. Ondarre baserrian belaunaldiz belaunaldi gazta egin izan dute eta bera da egungo belaunaldia, hori bizirik mantendu duena. Horrez gain, ekitaldian aipatu dutenaren arabera, <<kalitatea belaunaldiz belaunaldi mantendu>> dute eta ibilbide hau guztia saritzeko omendu dute.
Amaitzeko, gaztaren mozketari ekin diote. Horretarako, Edorta Lamo sukaldariaren ibilbidea errepasatu dute eta eskerrak eman dizkiote azken urteetan lanean aritu den proiektuan Idiazabal gaztak izan duen lekuagatik eta hau tratatzeko aukeratu duen moduagatik. Beraz, hau esanik, labana hartu eta gazta biribila erdibitu du Lamok. Ondoren, bertatik zati txikiak egin ditu eta ingurukoei eman die dastatzeko. Lamok adierazi duenaren arabera, beti izan du gogoa Artzain Egunera etortzeko Ordiziara, baina inoiz ezin izan du etorri. Hala ere, aurten, <<ate handitik>> etorri dela adierazi du eta <<oso pozik>> dagoela berarekin gogoratzearekin aitortu du.