Legazpiko Udaltzaingoak ibilgailu berria estreinatu du
Hyundai Ioniq 5 bat da, elektrikoa. Auto zaharraren piezak UGLEri eman dizkio.
Legazpiko Udaltzaingoak auto berria du, eta aste honetan estreinatu du. Hyundai Ioniq 5 bat da, elektrikoa.
Aurretik Renault Kangoo bat zuten udaltzainek, baina 12.700 euroko matxura zuen. Gainera, bateria ere ez zuen oso egoera onean, eta autonomia nabarmen murriztuta zuen. Horren aurrean, konpondu beharrean, ibilgailu berria erostea erabaki zuen udalak.
Lizitazio lehiaketa bidez erosi du autoa. Hyundai markako Ioniq 5 modelo honek 45.900 euroko kostua izan du, eta 505 kilometroko autonomia eta 77 kW/h-ko bateria du.
Auto elektrikoaz gain, Udaltzaingoak 125 cc-ko Scooter bat ere badauka, 2012az geroztik.
Auto zaharren piezak, UGLErentzat
Auto zaharra Desguaces Aztiara enpresari eman dio udalak, eta bertan piezaka zatikatu egingo dute, gero UGLE Urola Garaiko Lanbide Eskolari emateko. Eskolan, auto elektrikoen alorrean erabiliko eta aztertuko dituzte.