«Ekologia transbertsala da, feminismoa bezala»
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, Sumar koalizioaren Gipuzkoako zerrendan bosgarren postuan dago Monica Monteagudo (Legazpi, 1976). Equo Berdeak alderdiko ordezkarietako bat da koalizioan.
Zergatik sartu zarete Sumar koalizioan?
Ezkerreko politikak hartu duen dinamikagatik, Equo Berdeak gure taldeak koalizio hau aukeratu du barruan joateko, Sumar, Ezker Anitza eta Mas Pais Euskadirekin batera. Denak eraman gaitu espazio horretara. Azken hauteskundeetan bakarrik aurkeztu behar izan ginen, Podemosek bere koaliziotik bidali gintuelako. Orduan parlamentari bat genuen, Jose Ramon Becerra. Pena izan zen, baina gutxiagatik ez genuen lortu sartzea, eta galdu egin genuen legebiltzarreko eserlekua. Orduan, Podemosekin deskonfidantza sortu zen gure baitan.
Koalizioak gustuko dituzue.
Equo Berdeak koalizio pila batean egon da sortu zenetik. 2014an, Europako hauteskundeetara Cronpromis, CHA, Participe eta beste alderdi batzuekin joan ginen Primavera Europea izenpean, eta orduan gure lehen europarlamentaria lortu genuen. Gero, 2015ean ezkerreko alderdi politiko guztiak elkartu ginen eta estatu mailan Podemosekin batera joan ginen hauteskundeetan, eta gero Elkarrekin Podemosen barruan. Euskadin, 2015ean foru eta udal hauteskundeetara, IUrekin elkartu eta Irabazi bezala aurkeztu ginen. Baina 2019an estatu mailan Podemosekin genuen harremana okertzen hasi zen eta azkenean banandu egin gara eta deskonfidantza dugu alderdi horrekiko. Orain, Euskadiko hauteskundeetara ere bananduta goaz, Sumar koalizioan.
Zer eskaintzen dio Equok Sumarren koalizio horri?
Berdeak egon den koalizio guztietan baliagarria izatea nahi izan du. Txikiena da, ordezkaritza txikiena duena, baina langileenak gara, eta harro esan dezaket hori. Gure proposamen berdeak agerian jartzeko lan egiten dugu, hor egotea ezinbestekoa delako, ekologia transbertsala delako, feminismoa bezala. Guk denbora asko daramagu gai berdeez hitz egiten, hamar urte, eta gure irudipena da aurretik goazela, egiten ditugun proposamenak azkenean martxan jartzen direlako beti. Eta hori da ekologistok epe luzera begiratzen dugulako. Baina hauteskunde epeak lau urtekoak dira bakarrik, eta gainerakoei asko kostatzen zaie epe luzerako proposamenak egitea.
«Ingurumen politika, etxebizitza, osasuna eta hezkuntza dira gure lan arloak»
Zer azpimarratuko duzue kanpaina honetan?
Hiru arlo nagusiri heldu diegu, Eusko Legebiltzarraren eskumenekoak: ingurumen politika, osasuna eta hezkuntza eta etxebizitza dira gure lan arloak.
Zer proposatzen duzue ingurumen arloan?
Krisi ekologiko batean murgilduta gaude, eta horren aurrean greenwhashing-a ikusten dugu gobernuan daudenen aldetik. Hau da, aurpegi garbitze edo zurikatze hutsa. Azken aldian diru pila bat iristen ari da Europatik ekologiaren arloan politikak martxan jartzeko, baina dirua iritsi arte zain egon dira zerbait egiteko, horretan sinisten dutela ikusaraziz. Baina guk uste dugu ez dutela benetan sinisten egiten ari diren horretan. Hor dugu, adibidez, Urdaibaiko Guggenheima: gauza bat esaten dute, eta beste bat egin nahi dute gero. Azken finean, diruan bakarrik sinisten dute. Turismo jasangarriaz ere asko hitz egiten dute, baina etekin ekonomikoa jartzen dute guztiaren aurretik. Ingurumen gaietan, berdin zaie lurraldea suntsitzea, egia esan. Baina guk ez diegu utziko.
Osasunaren arloan Osakidetzan jarri duzue puntua.
Hemen ere diruak agintzen du. Osasun mentala da adibide argia, dirurik ez baduzu, ezin duzu ia psikologo batengana joan, eta orokorrean, itxaron zerrendak oso luzeak dira, medikuak ez dira ordezkatzen… Osakidetza hobetu behar dutela esan eta esan ari dira, baina zerbitzu hori erortzen utzi dute, eta pribatizazioaren alde egin dute; abortuen %95 adibidez, klinika pribatuetan egiten dira. Osakidetza ez da dagoeneko zerbitzu publiko bat, eta langileen egonkortasuna oso prekarioa da, behin-behinekotasuna oso altua delako. Iruzurrak ere ikusi ditugu oposizioetan, eta hori ustelkeriaren sintoma garbia da. Honen guztiaren aurrean, Sumarretik proposatzen duguna da behin-behinekotasuna amaitzea, eta arlo guztietan publikoaren alde borrokatzea.
«Berdeak Equon, lan asko egin eta gero, gure garaipen txikiak lortu ditugu»
Hezkuntzan ere sistema publikoa hobesten duzue.
Bai, hala da. Oraintxe Hezkuntzaren legea onartu da, eta hor ere ekologiarekin gertatzen dena ikusten dugu, zurikatzea. Gauza asko esaten dituzte, baina ez dute gero praktikan jartzen.
Eta zer diozue etxebizitzaren gaiaren inguruan?
Egundoko arazoa dugu. Metro koadroa oso garesti dago, eta gazteen emantzipazioa atzeratzen ari da. Ez dago eskaintzarik, eta dagiena ia luxuzkoa da. Azken zortzi urteetan, azken bi legealdietan, areagotu egin da arazoa, eta agintea dutenek ez dute ezer egin hori konpontzeko, ez dute etxebizitza publikorik sustatu, adibidez. Alokairurako etxebizitzarik ere ez dago, eta horri aurre egiteko ez dute batere imajinaziorik. Guk denbora bat daramagu co-housing edo etxe konpartituari buruz hitz egiten, sistema horrek jende askori bizitza konponduko liokeelako.
Hauteskunde kanpaina hasi da eta hainbat ekitalditan parte hartu duzu.
Bai, igandean Donostian izan ginen, eta nik oso gertutik ezagutzen dudan gai bati buruz hitz egin nuen mitin batean: turismo jasangarriaz.
Gustuko al duzu politika?
Bai, gustatzen zait. Nik uste dut gure bizitzan zehar tarte batez behintzat guztiok lan egin beharko genukeela politikan.
Zu nola hasi zinen honetan?
Euskadin berdeen proiektua beharrezkoa ikusten nuen, eta Berdeak Equo 2011n sortu zenean, hurrengo urtean afiliatu nintzen eta lanean hasi nintzen horretan. Independentismoak baino, beste gai batzuek erakartzen ninduten gehiago, eta alderdi horretan aurkitu nituen. Berdeak Equo proiektu txiki bat izan da beti, baina oso gustura nago bertan, lagun asko ditut alderdian. Lan asko egin eta gero, gure garaipen txikiak lortu ditugu, eta bete dugu gure funtzioa, ekologiaren edo ingurumearen arloan zirikatzaileak izatea.
Zuk beti zirikatu duzu ekologiaren arloan.
Aspalditik naiz aktibista ekologikoa, batez ere energiaren arloan. Frackingaren eta nuklearraren kontra ibili naiz, berriztagarrien alde ere bai, eta Goiener energia kooperatibaren bazkide sortzailea naiz. Orain energia aurrezpen eta eraginkortasun proiektuak lantzen ditut hainbat eskolatan, eta duela gutxi Aldabea apartamentu turistiko berriztagarriak sortu nituen. Aktibista ekologikoa naiz gaztetatik, eta hil arte aktibista izango naiz.