LED teknologiako argiak jarriko ditu udalak Ordiziako 61 luminariatan
Lanak hasi dituzte ja .60.325 euroko inbertsioa egingo du udalak. Gaur egungo energia elektrikoa 63.998 kW ordukoa da, eta kontsumo horrekiko %80 aurreztea da helburua argi berriekin.
Ordiziako Udalak argiteria publikoa berritzeko lanak hasi ditu. Gaur egun dauden argiak LED teknologiko argi berriekin ordezkatuko dituzte, herrian banatutako 61 luminariatan. Berritze lanen helburua energia elektrikoaren kontsumoa aurreztea izango da.
60.325 euroko inbertsioa egingo du udalak argiteria publikoa berritzeko. EDS Ingenieria y Montajes S.A. enpresari esleitu zaizkio lanak. Bizkaia pasealekuko, Santa Amalia kaleko, Zuberoa kaleko, Nafarroa Behera kaleko eta Lukusain Plazako argiak berritzen hasi dira. Bizkaia pasealekuaren kasuan, argiteria publikoaren instalazioaren zati bat ere aldatu egingo dute, posizioa egokitzeko.
Kontsumoa murriztea helburu
Gaur egungo energia elektrikoaren kontsumoaren urteroko batez bestekoa orduko 63.998 kw-ekoa da. Kopuru horrekiko energia kontsumoaren %80 aurreztea da berrikuntzaren helburua. Energia kontsumoa murriztu, argiztapenaren kalitatea hobetu eta instalazioaren mantentze kostuak murriztu nahi direla azaldu du udalak. «LED teknologiako luminariek balio bizitza luzeagoa dute, energetikoki efizienteagoak dira eta argi-fluxuaren berehalako erregulazioa ahalbidetzen dute. Nabarmendu behar da aurrezpen horrek ekarriko dituela atmosferara isuritako berotegi-efektuko gasak gutxitzea eta argi kutsadura txikiagoa izatea».