Hamar urte eta gero, atsedena hartuko du Maldan Behera taldeak
Legazpiko goitibehera txapelketarekin itxiko du etapa, ekainaren 1ean. Sptunik goitibeherak patentatzea, Europako Kopa Legazpira ekartzea eta Euskal Kopa sortzea dira taldearen lorpen handienak.
Goitibeheren mundua astintzeko helburuz Legazpin sortu zen Maldan Behera Inertzia taldeak 10 urte betetzen ditu aurten, eta urteurrena ospatzearekin batera, partaideek atsedenaldi bat hartzea erabaki dute. Nekatuta daude, eta errelebo eske ari dira.
Maldan Behera sorreran izan zen Julen Agirreburualdek azaldu du taldea bi urte lehenago hasi zela lanean, baina 2014ra arte ez zela elkarte gisa eratu. «Legazpiko goitibehera jaitsiera antolatzeko sortu genuen talde bat, baina gero beste proba batzuk antolatzen eta sputnik gotibeherekin ekitaldiak egiten hasi ginen, eta orduan erabaki genuen elkartea egiteko garaia zela».
Hiru legazpiarrek sortu zuten Maldan Behera, Agirreburualde berak eta Iker eta Aitor Ariztik. Gutxira Oñatiko jendea elkartu zitzaien, Urnietakoa ere bai, eta bi legazpiar gehiago, Iñaki Lizarralde eta Andoni Aizpeolea. Batzuk utzita dute dagoeneko taldea, baina azken bi legazpiar horiek eta Agirreburualdek jarraitzen dute, baita azkeneko elkartu zaien Igorreko (Bizkaia) Unai Loiola ere, batez ere sputnik ekitaldietan laguntzen.
Sptunik goitibehera horiek dira taldearen lorpen handienetako bat. Duela hamar urte patentatu zituzten goitibeherak dira, eta erakustaldiak egiteko erabiltzen dituzte batez ere. Oraindik badute bat edo beste salgai. Europako Koparen proba Legazpira ekartzea eta Euskal Kopa martxan jartzea ere taldearen lorpenen artean sartu ditu Agirreburualdek.
Atsedena hartzeko garaia
Hamabi urteko ibilbidea du, beraz, Maldan Beherak, eta azkenak «gogorrak» izan direla aitortu du Agirreburualdek. «Azken urteetan geroz eta zailtasun gehiago izaten genituen Legazpiko goitibeherak antolatzeko, batez ere pandemia ondoren». Pandemia iritsi aurretik taldea bere unerik gorenean zegoen, eta Europako Kopako proba bat antolatu zuen herrian 2019an, baina geldialdia eta gero berriz abiatu zinenean, «gauzak aldatuta zeuden. Geure artean ere, batzuk bizimodua aldatuta genuen, elkartzeko zailtasunak genituen…», eta lanez gainezka zeuden. Izan ere, Euskal Kopa martxan jarri zuten, eta geroz eta ekitaldi gehiago zituzten, aurten 22 lasterketa Koparen barruan. Horregatik, «deskantsu bat hartzea erabaki dute».
Baina aurretik, Legazpiko Goitibehera proba antolatuko dute, «sortu ginen lekura itzulita, Hegialdera». Ekainaren 1ean izango da, Urtatzarreko parketik Santikutz kaleraino, kilometro bateko jaitsierarekin . Izena emateko epea irekita dago, www.euskalkopa.com webgunean, lasterketa egunaren aurreko asteazkenera arte. Legazpiarrek doan izango dute izen-ematea, eta guztiek izango dute aukera sputnik goitibeherak probatzeko.
Atseden hartuko du Maldan Beherak probaren ondoren, baina goitibeheren mundua ez da geldituko. “Pandemiaren garaian asko galdu zuen, baina orain indartsu dago”. Agirreburualde behintzat ez dago goitibeherak uzteko prest, eta jarraituko du lehian. Europa mailan ibilitakoa da, hainbat goitibehera izan ditu, eta azken aldian kart moduko batekin ibiltzen da. Legazpiko proban ere parte hartuko du, eta agindu du herri mailako probak eta erakustaldiak prestatzen lagunduko duela.
Joan den astean bertan, Legazpiko Santikutz jaietan egindako sputnik goitibeheren saioan izan zen lanean.