San Martin auzoko arkua itxita egongo da ibilgailuentzat
Ur Zerbitzuak hainbat lan egiten ari da bertan, auzoko ur presioa hobetzeko. Domingo Agirre eskolan ere obrak egin ditu udalak, eta Arantzazu auzoko eraikin multzoko psikomotrizitate gelari estalkia aldatu dio.
Legazpiko Udalak jakinarazi duenez, ekainaren 3ra arte itxita egongo da San Martin auzoko arkuaren pasoa ibilgailuentzat. Ur Zerbitzuak hainabt lan egiten ari da inguruan, auzoko ur presioa hobetzeko. Obrak atzo hasi ziren, eta lehenengo bi egunetan pasoa guztiz itxita egongo da. Ondorengo egunetan eta obra amaitu bitartean, langileak lanean daudenean bakarrik egongo da itxita. Alternatiba gisa, asfaltorik gabeko pistatik joateko aukera egongo da, Oslan enpresatik gora, eta Laubide auzoko 19. atari ingururaino.
Udalak, bestalde, Domingo Agirre eskolak Arantzazu auzoan duen haur hezkuntzako eraikin multzoko psikomotrizitate gelaren estalkia berritzen amaitu berri du. Cumenorte enpresak egin ditu lanak 11.410,76 euroko aurrekontuarekin. Estalki zaharreko isolamendu akabera egoera kaskarrean zegoen, zaharra zelako eta erabilera desegokiarengatik. Egindako lanekin, akaberako materiala aldatu zaio teilatuari, eta zorrotenak jarri zaizkio perimetro osoan.
Ekainean, berriz, Domingo Agirre eskolako gune nagusiko gimnasioko estalkia eraberrituko du Cumenorte enpresak. Udalak bi lan horiek batera kontratatu ditu.