Legazpi, espia trama baten abiapuntua
Juanjo Moralek Kultur Etxean aurkeztuko du etzi ‘Vencer en tierra de espias’ eleberria. Haren aita Juan Josek 1975ean Alemaniako Errepublika Demokratikoko Gera hirian irabazitako txirrindulari lasterketa bat da lanaren abiapuntua.
Juanjo Moral Cibrianek ostiralean, urriak 4, aurkeztuko du Legazpiko Kultur Etxean Vencer en tierra de espias eleberria. Aurkezpena 18:30ean izango da, eta Josu Altzelai argazkilariaren laguntza izango du. Haren aita Juan Jose Moral Arnaiz txirrindulariak 1975ean Ekialdeko herrialdeetan irabazi zuen lasterketa garrantzitsu bat da abiapuntua, eta Gerra Hotzeko espia trama bat da ardatza.
Moral aita txirrindulari izan zenean Legazpin bizi zen, Urtatza auzoan, eta garai haiei lekua eman die liburuan semeak. Besteak beste, Laubide jatetxea eta bertako Josetxo Etxeberria agertzen dira.
Familiaren bizipena
Vencer en tierra de espias familiaren bizipen batetik sortutako liburua da. Ingeniaria da formakuntzaz eta lanbidez Juanjo, baina oso irakurzalea izan da beti, eta garai batean Gerra Hotzaren inguruko liburuak oso gustuko izan zituen, «ia obsesio bihurtzeraino». Horri, aitak Bakearen Lasterketan irabazi zuen etapari buruz jakindako guztia elkartuta, bere lehen liburua izango zenaren trama non eta noiz kokatu erabaki zuen.
Juan Jose aitak 1975ean Ekialdeko herrialdeetako Tourra deitzen zen itzulian parte hartu zuen Espainiako selekzioarekin, eta bigarren etapa irabaztea lortu zuen, ihes eginda, Alemaniako Errepublika Demokratikoko Gera hiriko estadioan. Garaipen hartako argazki bakarra zuen familiak etxean, salan, irabazlea podiumaren erdian dela, lepoan erramuzko koroa batekin. «Aitak beti esaten zuen lasterketa oso garrantzitsua zela, baina guk ez genion kasu handiegirik egin gaztetan, harik eta helduago nintzenean, ikertzen hasi, eta informazio pila bat lortu nuen arte».
«Aitak beti esaten zuen lasterketa oso garrantzitsua zela, baina guk ez genion kasu handiegirik egin gaztetan, harik eta helduago nintzenean, ikertzen hasi, eta informazio pila bat lortu nuen arte»
Juanjo Moral Cibrian. Liburuaren idazlea
Sekulako istorioarekin egin zuen topo, nahiko ezezaguna hemen, eta argitara ateratzea merezi zuela pentsatu zuen. Eleberri baterako material egokia zela uste zuen gainera, eta hala, idazten hasi zen. 2020eko urtarrilean hasi zen liburuarekin, eta 2022ko abenduan amaitu zuen. «Eta orain, zer?» pentsatu zuen. Ingurukoei eman zien irakurtzeko, eta gustatu zitzaiela ikusita, argitaletxe bila hasi zen. Autoediziorako eskaintza batzuk jaso zituen, baina Estrella del Nortek hartu zuen azkenik bere gain argitalpena. Irailean kaleratu zuen, eta salgai dago dagoeneko, liburu denda guztietan, eta interneten.
Laubideko enkarguak
Kasualitatez jakin zuen Juanjok Laubide jatetxeak haren aitaren txirrindulari ibilbidearekin zuen harremana. Bera Legazpin jaioa da eta lehen urteak bertan egin zituen, familia Zumarragara bizitzera joan arte. Orain Gabirian bizi da, baina oraindik mantentzen du harremana Legazpirekin, eta noizean behin etortzen da. Pandemia igaro berritan egun batean etorri zen, Laubiden ogitartekoak afaltzeko asmoarekin, emaztearekin batera. «Barran nire izenean egin genuen enkargua, eta ogitartekoak atera zituztenean, niri deika hasi ziren, abisatzeko. Josetxo gertu zegoen, eta izena entzundakoan, nik Moral txirrindulariarekin zerikusia ote nuen galdezka hasi zitzaidan. Semea nintzela erantzun, eta istorio batzuk kontatu zizkidan».
«Superser taldeak egin zidan eskaintza, baina desegin egin zen. Gero Nafarroako ekipo berri baterako deitu zidan, baina hura ez zen eratu. Azkenean, txirringa uztea erabaki nuen, aspertuta»
Juan Jose Moral Arnaiz. Txirrindulari izandakoa
Eta istorio horietako batzuk liburuan jaso ditu. Josetxo Etxeberria bera ere agertzen da. «Garai haietan ez zegoen telefonorik etxe gehienetan, eta guk Laubiden enkargu asko jasotzen genituen. Juan Josek galdetu zidan ea hartuko nituen harentzako txirrindulari taldeen deiak ere, eta baietz esan nuen». Hala, garai hartako txirrindulari munduko jende garrantzitsuekin hitz egiteko aukera izan zuen Etxeberriak, «Olsa taldeko Madariagarekin, La Casera taldeko zuzendaria zen Bahamontesekin. Espainiako selekzioko Mendibururekin…». Deiak halako egunetan lasterketa izango zuela, bestean beste leku batean… horrelakoak ziren, baina fitxa kontuak ere tratatzen ziren. «Xey taldea Juan Joseren atzetik ibili zen, beste talde batzuk ere bai… Baina guztiek asko agindu, eta ez zuten ezer ematen azkenean».
Txirrindulari afizionatu beti
Juan Jose 14 urte zituela iritsi zen Legazpira, «umezurtz geratu eta gero; bi anai eta arreba bat nituen hemen». Patrizio Etxeberriaren lantegian egin zuen lan 15 urtetik 19ra arte. Orduan, txirrindulari afizionatua izan arren, «diru pixka bat» irabazten zuen, eta lantegia uztea erabaki zuen. Aurretik, herriko zaletu talde batek ere babestu zuen ekonomikoki.
Txirrindulari «errodadorea» zen batez ere, eta egundoko lorpenak egin zituen: 1971ean Espainiako txapeldun izan zen errepidean eta erlojupekoan, 1974an Montrealeko Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketan parte hartu zuen, Bakearen Lasterketako etapa bat irabazi zuen 1975ean… Eta selekzioarekin Frantzian, Belgikan, Italian… ibili zen. Ez zen iritsi profesional izatera. «Superser taldeak egin zidan eskaintza, baina desegin egin zen. Gero Nafarroako ekipo berri baterako deitu zidan, baina hura ez zen eratu. Azkenean, txirringa uztea erabaki nuen, aspertuta». 25 urte besterik ez zituen.