Feminismoa eta aktibismoa, Lutxi Irazigunean
30 urtean bildutako liburuak eta aldizkariak dituzte bilduta, antolatuta eta sailkatuta Ordiziako Lutxi Irazigunean.
Ordizian, Dorretxearen azpian, Jabekuntza Eskolaren eta KZ Gunearen ondoan, KGT kolektiboak Lutxi Irazigunea ireki zuen apirilean. 30 urtean gai desberdinen inguruan bildutako ehunka liburu, aldizkari eta dokumentu gaika sailkatuta eta antolatuta dituzte. H
herritarren eskura jarrita dituzte, bertan irakurri edo kontsulta daitezke, edo etxera eraman ere bai.
Baina hortik harago ere joan nahi du KGT kolektiboak eta lehen jarduera edo proposamena aurkeztu du azaroarekin batera. «Asmoa da hilero edo bi hilabetero antolatzea gai ezberdinen inguruan dugun materialaren lagin bat, liburu, aldizkari eta dokumentu formatuan», diote.
Aukeratu duten lehen gaiak, emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunarekin, Azaroaren 25arekin du zerikusia: «Hasteko feminismoa eta aktibismoa da lehenengo gaia, azaroaren 25era begira». Dokumentazio gunetik atera dituzte aldizkariak eta liburuak, eta korridorean zintzilikatu dituzte, toki nabarmenagoa eskainiz.
Abendurako gaia ere pentsatua dute dagoeneko. Euskara izango dela aurreratu dute KGT kolektibokoek.
Adin desberdinetako pertsonen artean «irakurketa eta pentsamendu kritikoa» bultzatzeko elkargunea ere izatea nahi dute Lutxi Irazigunea, «komunikaziorako gunea», eta bulegoa ere horrela dute antolatuta, mahai eta aulkiekin hornituta.
Ateak zabal-zabalik dituzte goierritarrek. Astelehenetik larunbatera egunero dago irekita: astelehen, asteazken eta ostiraletan 17:00etatik 19:00etara; eta astearte, ostegun eta larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara