Legazpiko erdigunearen historia liburuan jaso du Felix Ibargutxik
Burdinolak argitaratu du, ‘Santa Maria kalea’ izenburuarekin. Larunbatean aurkeztuko du, 12:00etan, Latxartegin.
Egialdeko baserrien lanaren ondoren, Legazpiko erdigunearen historia jasotzen duen liburua egin du Felix Ibargutxi kazetariak (Legazpi, 1956). Santa Maria kalea du izenburu, herriko erdigune horretako garai bateko kale nagusiari erreferentzia eginez. Legazpiar askok Kale Zaharra izenarekin ezagutzen dute oraindik, baina izen ofiziala Nafarroa kalea da.
Larunbatean aurkeztuko du lan berria, Latxartegin, 12:00etan. Bertan, liburua erosteko aukera izango da.
Patxi taberna, aurrekaria
Patxi taberna zegoen eraikina bota berritan pentsatu zuen Ibargutxik komeni zela «zerbait» idaztea Kale Zaharreko azken etxe zaharren gainean, izan ere, «bazirudien lehengo paisaia hori galdu beharrean geundela», Legazpin beste hainbeste bezala. Horregatik, «lehengo ondare hori» jasotzeko artikulu bat idaztea erabaki zuen, eta Jose Luis Ugarteri eskatu zion informazioa.
Hala jakin zituen Patxi zegoen etxearen eta ondoko beste biren izenak. Arabaolatzanea deitzen zen lehena, Alberdi dendaren eraikina Santxoneaundi, eta Basaberen dendarena, Santxoetxe.
Hiru etxe horiek ardatz zituen artikulua idatzi eta gero, lanari jarraipena eman eta Kale Zahar osora zabaltzeko aukera ikusi zuten biek, eta «komeni zela egitea» ere bai.
Olaberritik Mantxolara
Lehenik, Kale Zaharraren jatorriari tira egin, eta Olaberrian hasi eta Mantxola aldean bukatzen zen Santa Maria kalearekin topo egin zuten. 1936an tropa nazionalak herrian sartu zirenean, izena aldatu zioten, eta Calle Navarra izendatu. Gaurko izendegian Nafarroa kalea bezala agertzen da.
Liburuan, Santa Maria kale luze hura ardatz hartuta, zortzi azpieremu bereizi ditu: Alegia, Bikuñanea, Aiztonaga, plaza, Elizondo, Kalegoena, Kalebarren eta Mantxola. Horietako 87 etxeri egiten die erreferentzia Ibargutxik, eta 700 argazki inguru bildu ditu, horietako asko aspaldikoak.
Argazkien artean, berri emaileen erretratuak ere sartu ditu. «Oso harrera ona egin didate. Jende horrekin biltzea izan dut lanik politena eta nekosoena». Nekea ere izan delako: «Izan ere, batzuetan ez da erraza izaten informatzailearekin hitzordua adostea, edota zuk nahi dituzun datuak lehenengotik lortzea». Normalean ostiral arratsaldean eta larunbat goizean ibili da «ate joka», Donostian bizi baita bera.
Liburua euskaraz eta gaztelaniaz dago idatzita, eta Elena Aseginolaza arduratu da diseinuaz, Egialdekoan bezala. «Koska bat altuago aritu da oraingoan». Burdinola elkarteak argitaratu du, Legazpiko Udalaren laguntzarekin. «Eskerrik asko batari eta besteari!», dio egileak.
Ugarteren laguntza
Ibargutxik Ugarteren laguntza nabarmendu nahi du: «Bera izan dut editore eta zuzendari. Beragandik asko ikasi dut». Aurretik ez zekien, adibidez, Azpikoetxe jatetxea dagoen tokian, lehen Gregorionetxiki eta Gregorioneaundi etxeak zeudela, edo Mauleon hotelaren lekuan Karbonerie deitzen zuten eraikina zegoela.
Horiek, eta kontu gehiago jaso ditu Ugarterengatik. Ugarte aspaldi hasi zen Legazpiko historia ikertzen, eta dokumentazio ugari bilduta du, tartean XIX. mendeko biztanleen erroldak. Informatzaile ugari izan ditu zeregin horietan, eta «bildutako guztia konpartitzeko zalea da».
Felix Ibargutxiren Santa Maria kalea liburuko hitzaurrea Jose Luis Ugartek idatzi du, eta «oso-oso gomendagarria» da. Proposamen edo teoria bat jasotzen du bertan ikerlari eta historia zale legazpiarrak, «benetan tilin egiten duena». Erdi Aroan Legazpik Arabako Lautadarekin harreman handia izan zuela dio, eta erreka ertzeko burdinolak martxan jartzeko dirua, behin baino gehiagotan, arabarra izan zela.
Toponimia da Ugarteren ikergai nagusia, eta zenbait toki izeni erreparatuta gorpuztu du Legazpi eta Arabaren arteko loturaren teoria hori, Ibargutxik azaldu duenez. Hala, Arabarekin lotura izan dezaketen sei toki izen aipatzen ditu, eta Arabaolea, Barrundiola, Mirandaola, Alegia, Bikuñanea eta Bitoriola dira horiek.
Bestalde, liburuaren bukaeran, eranskin modura, Juanita Zabaletaren errezeta sorta jaso dute. Egizabal baserrian 1905ean jaiotako emakume horri Juanita pastelerea esaten zioten, eta 1940ko hamarkadan sukaldaritza eskola eduki zuen elizatik gertu.
Juanitaren ikasleetako bat Mariatxo Andueza izan zen, Kalebarreneko Anduezaneko Mariatxo, eta horrek errezetak paperean jaso zituen zehatz-mehatz. Liburuan jasotakoak, Mariatxoren idazkiak dira, «moldeko letran ipinita», Ibargutxik dioenez. «Bazka ederra, orain dela 70-80 urteko sukaldaritza aztertu nahi duen ikerlariarentzat, eta, aldi berean, gozamena sukalde zale arruntarentzat».