Gaur estreinatuko du Sustraiak taldeak ‘Oso ondo... berriro!’
Dantza taldearen 50 urteko ibilbidea jasotzen duen dokumentala da, eta gaur eguerdian aurkeztu dute. Latxartegi aretoan izango da estreinaldia, 19:00etan eta 22:00etan. Gaueko saiorako sarrera gutxi batzuk geratzen dira.

Latxartegiko gaurko zineklub saioa berezia izango da, Sustraiak taldearen Oso ondo… berriro! izenburuko dokumentala estreinatuko delako. Legazpiko dantzari horien 50. urteurrena ospatzeko egindako lana da.
Bi saio antolatu dituzte dokumentala publikoari aurkezteko, 19:00etan eta 22:00etan. Gaueko saiorako sarrera batzuk geratzen dira, eta zinemako leihatilan hartu beharko dira, dohainik.
Gur eguerdian aurkeztu dute Kultur Etxean, Sustraiak taldeko Amaia Jimenezek, Asier Iriondo gidoilariak, dokumentalaren egile Egoitz Legorburuk eta Iñaki Gereñuk, eta Miriyam Galilea udaleko kultura zinegotziak.
Sustraiak hitzaren adierak
Oso ondo… berriro! dokumentalak ordu eta erdi inguruko iraupena du, eta Igora Films enpresak egin du. Iñaki Gereñu arduratu da irudiaz eta iazko otsailetik azarora bitartean egin zituzten grabaketaz, eta Irusoin soinu enpresan lan egiten duen Egoitz Legorburu legazpiarrak egin du azken muntaketa. Gidoia, berriz, Sustraiak taldeko kide den Amaia Jimenez kazetariak eta Asier Iriondo bertsolariak egin dute.
Dokumentalaren lehen eskema 2020. urtean sortu zuten dantza taldearen barruan, eta hura ideiaz eta edukiz betetzeko, laguntza eskatu zioten Iriondori. Lanaren haria taldeak 50 urteetan egin duen ibilbidea da, sorreratik eta hasierako helburuetatik gaur egunera arteko bide luze eta emankorra.
Taldearen jatorria, funtzionamendua, txapelketak, ikastaroak, eta genero ikuspegia dira gai nagusiak, eta horiek ehuntzea izan da Iriondoren lana. Horretarako, sustraiak hitzaren adiera desberdinak erabili ditu, poesia ukitua emanez.
Irudi zaharrak eta berriak uztartuta, horri guztiari forma ematea, berriz, Legorbururen ardura izan da. Balio handiko materiala lortu dute lanerako, argazki eta bideo zahar asko berreskuratu dituztelako, garai bateko dantzariak eta dantzak ez ezik, Legazpi bera ere erretratatzen dituztenak.
Eta hori guztia kontatzeko, dantzariei eta dantza taldearen ikastaroetan parte hartu duten herritarrei eman diete hitza. Izan ere, Sustraiak taldeak herria jarri du dantzan ikastaro horien bidez, dokumentalean esaten denez.
Hurrengoa, ezpata-dantza
Gaurkoaren ondoren, urte bukaerara arte prestatu duten egitarauarekin jarraituko du Sustraiak taldeak, eta hurrengo ekitaldiari begira jarrita dago. Maiatzaren 3ko ezpata-dantza izango da.
Aurten, taldean egon diren eta bere garaian ezpata-dantza egiteko aukerarik izan ez duten horiek egingo dute dantza.

Dokumentalaren estreinaldiaren aurretik taldekideentzako pase pribatua egin zuten Latxartegi aretoan joan den astean, Egoitz Legorburu bertan zela.