Santikutz Klasikoa, 91. edizioari heltzeko prest
Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatutako probak Euskal Herriko eta Espainiako txirrindulari afizionatu onenak elkartuko ditu maiatzaren 1ean. Atzo aurkeztu zuten lasterketa.

Telleriarteko Txirrindulari elkarteko kideek dena lotuta dute maiatzaren 1eko Santikutz Klasikorako. Probak aurten 91. edizio beteko du, eta berriz ere Espainiako afizionatuen Koparako puntuagarria izango denez, Euskal Herriko eta estatuko txirrindulari onenen partaidetza ziurtatuta du, tartean Gari Ugarte legazpiarra dela.
Goizeko 9:30ean abiatuko da Legazpitik tropela, eta inguruko errepideetan bira egin ondoren, 13:00 inguruan iritsiko dira txirrindulariak Kale Nagusiko helmugara, iaz bezala Atagoitik behera, Motxorrotik.
Atzo aurkeztu zuten proba Kultur Etxean, eta horretaz arduratu ziren Telleriarteko Txirrindulari elkarteko Jokin Matxinandiarena eta Enrike Vizcay lehendakaria, Aitor Atorrasagasti Gipuzkoako Txirrindulari Federazioko ordezkaria, proban aurreko urteetan parte hartutako Nikolas Alustiza eta Alex Diaz txirrindulari profesionalak, eta garaikurrak egin dituen Ane Urtzelai artista.
Proba gogorra
Enrike Vizcayk eman zituen probaren xehetasunak, eta Espainiako Koparako puntuagarria izango dela eta Kopa osatzen duten hamaika lasterketatik zazpigarrena izango dela zehaztu zuen. Kopa lehiatzen ari diren 19 taldeak izango dira bertan, eta antolatzaileek gonbidatu dituzten beste sei ere bati, azken horiek euskaldunak denak. 175 txirrindulari inguruk parte hartuko dute, eta horien artean Espainiako afizionatu mailako onenak izango dira, profesionalera salto egiteko lehian ari direnak asko. Tartean Gari Ugarte legazpiarra ere izango da, Euskadi Fundazioa taldearen babesarekin.
Ibilbidea iazko berdina izango da, 153 kilometrokoa izango da, eta 2.584 metroko desnibela izango du. Hamaika mendate zeharkatuko ditu, baita Atagoiti ere, baina hori ez da puntuagarria izango. Kirtenberg aldapa gogorra ere sartuta dago ibilbide horretan, ia lasterketaren amaieran. Bestela, hiru tarteko helmuga ere izango ditu lasterketak.
Klasikoak duen gogor ospea ere azpimarratu zuen Vizcayk, eta horretan bat egin zuten aurkezpen mahaian zeuden Zumarragako Nikolas Alustizak eta Urretxuko Alex Diazek. Biek ondo ezagutzen dute proba, parte hartuak direlako afizionatuak zirenean, eta emaitza onak lortuak gainera. Orain profesional mailan ari dira, lehena Euskaltel Euskadi taldean, eta bigarrena Caja Rural-RGA taldean. Gari Ugarte ez zen aurkezpenera iritsi, baina antolatzaileek ondoren Izadi Zaleak elkartean eskaini zuten luntxera agertu zen. Luntx horretan, txirrindularitzaz hitz egiten jarraitzeko aukera izan zuten aurkezpenera hurbildutakoek.
Garaikurrak, Urtzelairenak
Garaikurrak Ane Urtzelai legazpiarrak egindakoak dira aurten ere, eta egun hauetan ikusgai daude Korosti Kafearen lehengo lokalean, Kale Nagusian. Hirugarren urtez jaso du enkargua Urtzelaik, eta lana oso gustura egin duela azaldu zuen atzo. Vizcayj erantzun zionez, Telleriarteko Txirrindulari elkartea ere oso gustura dago garaikur horiekin, bereziak eta bakarrak direlako.