Ordiziako Natur Eskola, Altamirako eskola zaharretik
Maiatzaren 28ra bitartean, Ordiziako Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloko 500 ikasle inguru, zientzialari izango dira Oianguko flora eta fauna bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin.

Udaberriarekin batera martxan jarri dute bederatzigarren urtez Ordizian Natur Eskola. Maiatzaren 28ra bitartean, Ordiziako Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloko 500 ikasle inguru, zientzialari izango dira Oianguko flora eta fauna bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin. Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak sortutako proiektua da Natur Eskolak; Ordiziako Udalak finantzatzen du.
Aurten bada berrikuntza bat, Oianguko obren ondorioz. Hasiera eta bukaera puntua, Altamira auzoko eskola zaharra dute, eta handik joango dira Oiangura. Goizean zeharreko ekintza da gainera. Anais Mitxelena Aranzadiko kidearen esanetan, aurten aldaketa batzuk egin behar izan badituzte ere, “Natur Eskolak izpiritu berdinari eutsiko dio, mendian ibiliko gara, mendian jolastuko dugu, zikinduko gara, ondo pasa eta asko ikasiko dugu bertako naturari buruz”. Altamiratik Oiangura bidean geldialdiak egingo dituzte, eta bertan proba ezberdinak egingo dituzte zientzialaria gaztetxoekin.
Maitane Alvarez Zerbitzu, garapen ekonomiko eta trantsizio ekologikorako zinegotziaren esanetan, ekimen garrantzitsua da Natur Eskolak, “ikasleak naturara hurbiltzea, naturaz gozatzea eta bertan ikastea” baita helburua, baita “haurrei barrenetik ateratzeko aukera bat” ematea, eta “inguruan dugun biodibertsitatea ezagutzeko aukera” ematea ere.