Ordiziako merkatariek udaletxe azpiko takilla adimentsuak erabiliko dituzte
Merkataritza sektorearen eskaintzarako erabilgarri egongo dira asteko egun guztietan, asteazkenetan izan ezik. Oraingoz, herriko 18 saltokiren produktuak jasotzeko aukera ere izango da.

Ordiziako Azokaren Transformazio Digital eta Iraunkorrerako Planaren barnean, Ordiziako Udalak takilla adimentsuak jarri zituzten udaletxeko plaza azpian, azokako produktuak jasotzeko aukera emanez.
Baina gaurtik aurrera, merkataritza sektorearen eskaintzarako erabilgarri egongo dira asteko egun guztietan, asteazkenetan izan ezik, egun hori azokako erabilerarako gordeko baita. Oraingoz, herriko 18 saltokiren produktuak jasotzeko aukera ere izango da: Arantxa mertzeria, Larratxa liburu-denda, Marta artisautza denda-tailerra, Naparra harategia, Goen arraindegia, Ediren bidaiak, Kriskras fruitu lehorrak, Farmaetxe parafarmazia, Otegi armategia, Biñaspre, Rekalde Farmazia, Mujika harategia, Gofi Berri haur eta gaztetxoen moda, Carrion elektratresnak, Vicuña Sport kirol eta moda osagarriak, Palomo emakume eta gizon moda, Ness by Esti Garcia emakume moda eta osagarriak eta Ordizian Elkartea. Maitane Alvarez zinegotziaren esanetan, “saltoki gehiagok ekimenarekin bat egitea” dute helburua.
Funtzionamendua
Takilla adimentsuen zerbitzuaren bitarteaz, whatsapp eta telefono dei bidez erosketak egin daitezke, eta nahi den ordutegian jaso ahalko dira. “Azpimarratu ohi dugun moduan Ordizian eskaintza zabala dugu merkataritzan, eta saltoki horien erosketak bakarrik jasotzeko erabilera izango da, ez online salmentarako beste plataformetarako”, gehitu du alkateordeak. “Jendarte gaztera iritsi nahi dugu, dela lan-ordutegiagatik, kontziliazioagatik… saltokietara ezin direnak hurbildu aukera izan dezaten Ordiziako establezimenduetan erosketak egiteko”.
Zerbitzu honek ez duela produktuaren prezioan eraginik izango: ez da tasa gehigarririk ordainduko eta guztiz doakoa izango da.