Ordiziako Merkataritzaren eta Ekonomia Iraunkorraren Plan Estrategikoa abiatu du udalak
Sektorearen beharrizanei erantzuteko tresna izango da. Herritarren kontsumo ohituren informazioa ere jasoko dute.

Ordiziako Udalak Merkataritzaren eta Ekonomia Iraunkorraren Plan Estrategikoa egingo du sektorearen posizio lehiakorra hobetzeko, IKEI Research & Consultancy enpresarekin. Era horretan, sektorearen “posizio lehiakorra hobetzearen aldeko apustua” egin nahi dute, “sektorearen posizio lehiakorra hobetzeko eta indartzeko udal ibilbide-orri bat sortuz, eta Ordiziak udalerri komertzial gisa duen erakargarritasuna indartzeko, bai ordiziarrentzat, bai bisitarientzat”. Sektoreak epe labur eta ertainean jarraitu beharreko estrategia markatuko duen dokumentua izango da.
Maitane Alvarez alkateordearen esanetan,”aspalditik udal honek duen konpromiso bat da. Udalak bazeukan plan bat baina Covid garaitik merkataritza, ostalaritza eta sektore guztia asko aldatu da. Horrek eskatzen du erronka berriei aurre egin behar zaiela”. Eta horrek, “beste aukera batzuk, beste irtenbide bat eskatzen ditu. Horregatik behar-beharrezkoa ikusten dugu plan berri bat egitea eta beste ikuspegi aurrerakoiago bat ematea”.
Plan hori gainera, “2024ko aurrekontuen negoziaketan hartutako konpromisoa ere bada, eta gure konpromisoari eusten diogu”.
Herritarrei inkesta
IKEI enpresak egingo du Merkataritzaren eta Ekonomia Iraunkorraren Plan Estrategikoa. Merkataritza-sektorearen egungo egoeraren diagnosia egingo du herritar zein merkatariekin elkarlanean. Ordiziarren kontsumo ohituren informazio bilketa ere egingo dute, “bezeroen beharrei ahalik eta ondoren erantzuteko”. Horretarako, Ordiziako errealitatea jasotzeko inkesta bat egingo da datorren astelehenetik aurrera, eta bertan parte hartzeko gonbita egiten diete gaurko aurkezpenean ordiziarrei. “Inkesta hauek telefonoz egingo dira, baita udalaren informazio-komunikazioko WhatsApp bidez ere”, gehitu du Alvarezek.
Helburuak
IKEI enpresako Maria Caverok adierazi duenez, ondorengoak izango dira garatuko dituzten helburuak:
- Merkataritza-negozioak garatzeko aholkularitza-bideak bilatzea. “Honekin lortu nahi dena da, erosketa esperientzia lehiakor bat definitzea eta zerbitzu hobe bat izatea”.
- Dinamizazio eta sentsibilizazio ekintzak identifikatzea, segmentu gazteena erakartzeko.
- Merkataritza eta aisialdia indartzea garrantzitsua da. “Ordizia erosoa eta erakargarria izatea nahi dugu, bai bizitzeko eta bai erosketak egiteko”.
- Merkataritza eredu bat sortu nahi da, hirigintzarekin eta mugikortasun iraunkorrarekin bat datorrena.
- Merkataritza foro bat eratu nahi da, lankidetza publiko-pribatua sustatzeko.