Xabier Ortiz de Luzuriaga mendi-bizikleta martxa bihar, egun osoko festa bihurtuta
Legazpiko mendietan zehar egingo den ibilaldiak 256 txirrindulari elkartuko ditu. Probaren 20. urteurrenaren aitzakian, ekintzak izango dira egun osoan zehar: haurrentzako puzgarriak goizean, paella jana eguerdian, eta musika arratsaldean eta gauean.

Hegialde prest dago bihar Xabier Ortiz de Luzuriaga mendi bizikleten martxa hartzeko. Hogeigarren edizioa da, eta egun borobila prestatu dute antolatzaileek. Goizetik eta gauera arte, festa giroa izango da auzoan.
Txirrindulariek 09:15ean dute hitzordua, ordu horretan aterako baitira 37 kilometroko mendi ibilaldia egitera Laubideko kale nagusitik. Aurten online eman dute izena, eta 256k agertu dute parte hartzeko asmoa. Mendian dabiltzan bitartean, haurrentzako puzgarriak izango dira auzoan 11:00etatik 13:00etara. Eta amaieran, bazkaria, Lekanazpi elkarteko kideek prestatutako paellarekin. 350 lagun inguru izango dira bazkaltzen.
Musika, arratsalde-gauean
Arratsaldean musika izango da nagusi, eta 18:00etatik aurrera txaranga batek alaituko du ingurua. Ondoren, 20:30ean, Xabi Ortiz de Luzuriagaren kuadrillako musikari batzuk igoko dira oholtzara Mala Biela izenarekin, eta bizikleta martxaren 20. ediziorako espresuki eta laguna zuten hari eskainita sortu duten abestia aurkeztuko dute.
Bigarren emanaldi bat ere izango da, 23:00etan. Horretan, Expansion talde legazpiarrak joko du, hori ere okasiorako elkartuta, 2011n desegin ondoren. Kalean taldeak ere joko du. Txosna bat egongo da zabalik, eta bokatak salduko dituzte.