Aisialdiko begirale titulua ateratzeko ikastaroan izen ematea zabalik dago
Aisialdirako begirale titulu ofiziala lortzeko ikastaroa antolatu du Beasaingo Udalak Hezten elkartearekin lankidetzan seigarren urtez. Ikastaro honen bidez, Eusko Jaurlaritzak homologatutako Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua eskuratu daiteke, eta beasaindarrek matrikularen %50eko deskontua izango dute.
Aisialdi hezitzaile gisa lan egiteko prestakuntza eskaintzeaz gain, gazteen artean euskararen erabilera indartzea ere badu helburua formakuntzak.
Ikastaroa urriaren 4an hasi eta datorren urteko maiatzaren 9an izango du amaiera. 150 ordu teoriko, 160 praktiko eta memoria baten lanketaz osatua egongo da. Tartean asteburu bateko irteera izango da.
Baldintzen artean, 2026ko abenduaren 31rako, 18 urte beteta edukitzea, DBHko titulazioa izatea eta euskara maila egokia izatea (klaseak jarraitu eta memoria euskaraz entregatzeko gai izatea) daude.
Izena emateko epea zabalik dago, Beasaingo Udalaren webgunean. Kostua 485 eurokoa da.