«Beste ziurtasun batzuk espero nituen. Kontu batzuk zehaztu gabe gelditu dira»
Kalteen erreparazioari dagokionez, zenbait kontu zehazteke gelditu direla azaldu du Ioritz Berra Zaldibiako alkateak. Lanean jarraituko dutela ziurtatu du.

Zaldibia izan da Goierriko herri kaltetuenetariko bat. Ioritz Berra alkateak adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak “lanean jarraitzeko konpromisoa” hartu duela: “Diputatu Nagusiaren kabinetetik egoeraren jarraipena egingo dutela esan dute, eta oraingoz behintzat, udalerrietan identifikatu ditugun kalteen txostena osatzeko”.
Hala ere, “bestelako ziurtasun” batzuk espero zituela aitortu du: “Gauza batzuk zehaztu gabe gelditu direla esango nuke: kalteen erreparazioa udalerrien gain erortzen ote den eta aldundiak gerora diruz erreparatuko ote duen, edota modu zentralizatuan aldunditik erreparazioak egingo ote diren, esaterako”. Gaineratu du lanean jarraituko dutela.