Elikadura eskubidearen inguruko kafe tertulia egingo dute gaur Biziolan
Iaz elikadura osasuntsu baterako eskubidea lantzeko ekindako bideari jarraipena emango dio gaurko jarduerak. 15:00etan elkartuko dira Biziolan.

Iazko udaberrian elikadura osasuntsu baterako eskubidea lantzeko bideari ekin zioten Biziolan, auzi honen inguruko kontzientziazioa pizteko aurreneko ekintzak aurrera eramanda. Hala, goierritarren parte-hartzea bultzatu eta herritartasun kritikoa sortzeko asmoz, erakusketa bat burutu zuten, gerora aurrera eramandako ‘Denok elikatzeko ekin’ jardunaldietako bi lan saioren abiapuntua izan zena. Saio horietan, besteak beste, herritarrak eta eskualdeko eragile desberdinak elkartu ziren.
Bertan finkatu zituzten gerora elikadura osasuntsu baterako eskubidea lantzeko lau lan-ildo garrantzitsuenak: ekoizpena, eskuragarritasuna, hezkuntza eta zaintza, hain zuzen.
Arlo honetan gehiago sakontzeko, eta orain berri Biziolan zertan dabiltzan ezagutzeko, elikadura eskubidearen inguruko kafe tertulia bat antolatu dute gaurko. Elikadura osasungarri eta iraunkorrerako eskubideari erantzungo dion eredu eraldatzaile bat sortzeko lan-saioa izango da, eta 15:00etan elkartuko dira Biziolan.
Interesa izan dezakeen oro bertaratzea nahi dute.