Goierritarrek auzolanean erantzun diete asteburuko euriteen ondorioei
Ataunen, Gaintzan, Lazkaon, Legorretan eta Zaldibian izan dira kalteak. Erreka txikiek egin dute gainezka, eta baserri inguruak eta errepideak kaltetu dira gehien. Alkateak foru aldundiarekin elkartuko dira, gaur.

Ostiral gauean izan ziren euri-jasa gogorrek kalte material handiak eragin dituzte Goierriko zenbait herritan, besteak beste Zaldibian, Lazkaon, Ataunen, Legorretan eta Gaintzan. Euriteak kaleak, etxeetako zein tabernetako behe-barruak eta lurpeko garajeak urez bete, errepideak moztu, zenbait azpiegitura erabilgaitz utzi eta adineko herritar ugarik inoiz ezagutu ez dituzten irudi gogorrenak ekarri ditu eskualdera. Goierritarrek asteburu osoa jardun dute auzolanean ingurua txukuntzen, eta garbiketa zein konponketa lanetan dihardute oraindik; bide bazterretan oraindik ere lokatz lehorra pilatuta dago, eta enbor eta harriz osaturiko mendixkak metatuta daude.
Kalteturiko errepideak berrireki zituzten trafikoarentzat igande arratsaldean, nahiz eta «kontu handiz ibiltzea» gomendatu duen Gipuzkoako Foru Aldundiak; egoera pixkanaka normaltasunera itzultzen ari bada ere, laguntza neurriak abian jartzeko lanean dira agintariak, kalteen ebaluazioa eginda. Kalteak jasandako herrietako alkateekin bilduko dira gaur.
Erreka-ziztorren kalteak
Herri gehientsuenetan errekek eragindako kalteak izan dituzte, eta asteburu osoan jardun behar izan dute konponketa eta txukunketa lanak egiten. Zaldibian, Elbarrena, Arruegi eta Aiestaran-erreka auzoetako baserri, soro eta zelaiak izan dira kaltetuenak; erreketako pasabideak bete ziren lur, harri eta zuhaitzez eta hurbil zeuden baserriei eragin die gehien. Ioritz Berra alkateak adierazi du Unanubieta baserria izan dela kaltetuena: «Metro eta erdira sartu zen ura. Susto handia pasa zuten bertakoek». Herri-bideak ere kaltetu ziren, «batez ere baserritarrek ganadua duten zelaietara iristen diren bideak».
Ataunen kalterik handiena San Martingo herrigunearen saihesbidea hartzen duen errepidean behera datorren Kurtuizerrekak ekarri du, Amuñain baserritik behera datorrenak, hain zuzen. Martin Aramendi alkateak esan du «malda handiko erreka» dela, eta eurite handiak daudenean, urak «indar handia» hartzen duela. Gogoratu du 2018ko uztailaren 15ean ere erreka berak egin zuela gainezka. Bestelako azpiegiturak eta errepideak ere kaltetu dira, eta harriak, zuhaitzak eta zenbait hesi gogor eraman ditu urak. Hala ere, gune konkretua izan denez, «kontrolatuta» dutela ziurtatu du, nahiz eta alkatearen ustetan, balitekeen denborarekin «kalte gehiago azaltzea».
Bidea itxita Gaintzan
Lazkaon, berriz, estolderia sareko kainu-zuloek ere ezin izan zuten Enparandegi baserri aldeko errepidetik behera zihoan ur guztia irentsi, eta kaleak, errepideak, parkeak eta zenbait garaje hartu zituen urak, horietan kalteak eraginda. Behin atertutakoan lokatza eta lohi geruza handia geratu zen kale, errepide eta plazetan. Areso eta San Inazio auzuneak eta Enparandegi aldea izan dira kaltetuenak.
Legorretako herrigunean arazorik izan ez bazen ere, Esnaola auzorako bidean, San Migel auzoan eta Ola auzoan izan ziren kalte handienak. Baita Errekalde baserrian ere.
Gaintzan, azkenik, erreka guztiek egin zuten gainezka eta etxe zein baserrietan gainontzeko herrietako kalteak egon ez ziren arren, Jon Gorrotxategi alkateak ziurtatu du kalte handienak errepideetan egon direla, luiziak eraginda. Ordiziatik Gaintzarako errepide nagusia, esaterako, itxita egon da asteburu osoan eta baserrietako bideak ere itxita egon dira; horietako batek itxita jarraitzen du oraindik. Herritarrak ibili dira baserrietako bideak irekitzen.
Berehalako soluzio eza
Euriak eramandako lur, harri, zuhaitz edo ataskatutako erreka- eta baserri-bideak garbitzen jarraitzea da herri guztien «berehalako asmoa», baina herritarrak «kezkaturik» daude egoerak dakarren larritasun eta «soluzio zailagatik». Berrak azaldu du konponketaren bat egin daitekeen arren, zaila izango dela konponbide bat ematea, eta arrisku ugari ikusten ditu egoerak onera egiten ez badu «hurrengo euri gutxi batek herrian eragin bera izateko». Alkateek ziurtatu dute ur-agentziarekin eta aldundiarekin «sakon» aztertuko dutela egoera. «Ur agentzia da, finean, errekasto hauen eskumena eta jarraipen zehatzena egin dezakeena», azpimarratu du Aramendik.
Kalte-ordainetarako
Agintariek herritarrei aholkatu diete kalte-ordainak eskatzeko prozesuan lehen urrats gisa aseguru-konpainiarekin harremanetan jartzea; jasan dituzten kalteen berri ematea eta kalte horien zerrenda zehatza osatzea, aseguruarekin hala izapideak behar bezala egin ahal izateko. Lur mugimenduek, harri-jausiek edota zuhaitzen erorketek eragindako kalteak, ordea, instituzioen artean kasuan kasu aztertu beharko direla esan dute, alegia, Ur Agentziaren, Foru Aldundiaren eta udalen artean.