Iparragirreren 75. urteurrena
Idiazabalgo Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresak 75 urteko ibilbidea osatu du. Ospatzeko garai bateko eta gaur egungo langileak elkartu dituzte Tolosako Beotibar pilotalekuan egindako ospakizun ekitaldian.

Iragana, oraina eta etorkizuna batu ziren pasa den ostiralean, Idiazabalgo Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresaren 75. urteurreneko ospakizunean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Lekua ez zuten ausaz aukeratu; izan ere 2019an zaharberritu zuen Beotibar Iparragirrek, «1930eko hamarkadako arkitektura arrazionalistaren adibide garbia», azaldu dute enpresatik.
Iparragirre 1950 urtean sortu zen Idiazabalen, Maugia baserriko Jose Mari Iparragirreren eta Beheko Kalbarioko Pedro Aseginolazaren ekimenez. Lehendabiziko urteak ez ziren errazak izan, eta ondoren ere, garai zailei aurre egitea tokatu zaio enpresari: krisiak, estrategia aldaketak, eraldaketa digitala, etab. Guztiarekin, Goierriren industrializazio prozesuan bete-betean eragin zuen: Ampo eta Indar enpresen lehen pabiloiak egin zituen Iparragirrek. Eta Goierriko paisaian ere utzi du eraikuntza forman bere aztarna. Idiazabalgo udaletxea eta osasun etxea eta herriaren hedakuntza Zigor eta Bikuña auzoen eraikuntzarekin, Olaberriako Ihurre auzoko lehen gasolindegiaren eraikina, Ataungo Barandiaran museoa, Aramako udaletxea edo Lazkaoko saihesbidea, besteren artean.
Belaunaldiak elkartzen
Gaur egun, familia enpresa batek 75 urteko ibilbidea osatzea ez da ohikoena, eta horregatik gogotsu hartu zuten ostiralean ospakizuna. Enpresako taldean aritutako eta dabiltzan 50 lagun baino gehiago elkartu ziren. Topaketan parte hartu zutenek «euren bizipenak eta oroitzapenak» partekatu zituzten. «Giro hurbilean» enpresaren ibilbidea eta bilakaera gogoratzeko aukera izan zuten.
Ekitaldiak «agerian utzi zuen ibilbide luzeko enpresen garrantzia. Enplegua sortzeaz gain, tokiko jarduera ekonomikoa sustatzen dute. Baina batez ere, belaunaldiak elkartzen eta harreman iraunkorrak eraikitzeko» ahalmena ere badute. Horren lekuko izan zen Beotibar pasa den ostiralean.
75 urteko ibilbidea beteta, etorkizunak dakartzan erronkei aurre egitea du helburu orain. Eraldaketa digitala izaten ari da azken urteetako erronka handietako bat, non lan moldeak berritu eta egokitu behar izan dituzten.