Sanjoanetarako prest dira olaberritarrak
Ostiraletik hasi eta datorren asteartera arte luzatuko dira jaiak Olaberrian. Musika emanaldiek, kirolek, haurrentzako jarduerek, mozorroek eta, noski, suaren inguruko ekitaldi tradizionalek ez dute hutsik egingo.

Udako beroarekin eta tenperatura altuekin batera datoz Olaberriko San Joan jaiak. Atzera kontaketa luze baten ondoren, atondu dituzte dagoeneko herriko kaleak eta prestaketa-lan guztiak amaituta, asteburuaren zai dira olaberritarrak. Ostiraletik hasi eta lau egunetan, ekainaren 20tik 24ra, jendez, giroz eta musikaz jantziko da Olaberri. Antolatzaileek egitarau oparoa prestatu dute adin eta gustu guztietarako: musika emanaldiek, kirolek, haurrentzako jarduerek, mozorroek eta, noski, suaren inguruko ekitaldi tradizionalek ez dute hutsik egingo. Festa handiaren atarian dago Olaberri.
Ohiko osagaiekin
Ohitura duten bezala, San Joan bezpera eta eguna bera izango dira mardulenak, ekitaldiei dagokienez. Ekainaren 23a egunean zehar umeentzako gozagarriekin hornitu dute, eta gaueko osagai nagusia sua izango da. Musikariekin eta herriko artistekin osatuko dute haren inguruko ekitaldia, dantzari, txalapartari eta txistulariekin, hain zuzen. San Juan eguneko mezak ere ez du hutsik egigo, eta ezta mozorro egunak ere; aurtengoan, jaietako bigarren egunean izango da, eta olaberritarrek irudimenez jantzi beharko dituzte herriko kaleak.
Erritmo biziak
Aurreneko egunak, baina, izango du xarma berezirik. Musika izango da protagonista nagusietako bat. San Joan jaiei hasiera eman bezain pronto, Muxutruk talde beasaindarrak dantzan jarriko du herriko plaza, eta gauean ere izango da hura entzuteko tartea. Baina ez hori bakarrik. Euskal musika eszenan erreferente bihurtu den Dupla taldeak ere bermatuko du giroa.
Hala ere, gainontzeko egunetan ere kaleetan eta plazan ez da doinurik faltako. Mozorro egunean, Joselontxo txarangaren doinuak girotuko dute arratsaldea, eta Sukar erromeriaren euskal-kantek, berriz, gaua. Benetako musika-agertoki bihurtuko dute Olaberriko plaza.
Berrikuntzak
Jaietako kirol eremuaren zatirik handiena aurtengoan ere pilota partidek hartuko duten arren, izango da berrikuntza esanguratsuren bat edo beste. Esaterako, aurtengoan aurreneko aldiz jokatuko da Olaberriko emakumezkoen eskuzko I. Txapelketa, alebin eta infantil kategorietan. Txapelketa honek belaunaldi berrien parte-hartzea bultzatzeaz gain, emakumeen presentzia ere indartzen du. Pilota partida hori ez ezik, jokatuko da, berriro ere, ohiko San Joan Pilota Txapelketako 26. edizioa. Emakumezkoen lehiaren ondoren hartuko du tartea azken horrek.
EGITARAUA
Ekainak 20
- 18:30: Txupinazoa.
- 19:00: Sagardo dastaketa.
- 19:30: Kontzertua. Muxutruk.
- 21:30: Herri afaria.
- 22:00: Zezen suzkoa.
- 23:00: Kontzertuak. Dupla eta Muxutruk.
Ekainak 21. Mozorro eguna
- 17:00: Ene kantak dantzan ikuskizuna.
- 18:30: Joselontxo txaranga.
- 20:30: Txekorra burruntzian erreta.
- 22:00: Kontzertua. Sukar.
- Ondoren: Dj Lizarrusti.
Ekainak 22
- 10:30: Pilota partidak. Olaberriko Emakumezkoen Eskuzko I. Txapelketa, alebin eta infantil mailan.
- Ondoren: 26. Olaberriko San Joan Pilota Txapelketa, modalitate desberdinetan.
- 18:00: Herri kirolak eta trikitilariak.
- 20:00: Patata tortilla lehiaketa.
Ekainak 23. Haurren eguna
- 11:00: Marrazki lehiaketako sari banaketa.
- 11:00: Jolas parkea.
- 13:30: Haurrentzako bazkaria.
- 16:30: Zirku tailerra.
- 18:30: Loreak bedeinkatzea.
- 19:00: San Joan arbola zutitzea.
- 22:30: San Joan Sua.
Ekainak 24. San Joan eguna
- 11:00: Meza.
- 12:30: Hamaiketakoa.
- 17:00: Haurren krosa eta zinta tailerra.
- 18:30: Sagardoa eta pintxoak.