Zeraingo eguzki plaken azpiegituraren inaugurazio ekitaldia
Ostegunean izango da ekimena, Asensio diputatuaren parte hartzearekin.

Zeraingo Energia Komunitatea kooperatiba 2023an sortu zen, «Zerain jasangarriago baterantz pausoak eman eta autokontsumoa sustatzeko» helburuarekin. Komunitatearentzat energia sortzeko eguzki plakak jarri dituzte Txirbil aroztegiko eta Garoa gaztandegiko teilatuetan.
Lehenengo azpiegitura, Txirbilekoa, 2024an eraiki zuten eta Garoakoa berriz, aurtengo martxoan amaitu dute. Azpiegitura fotoboltaikoa aurkezteko ekitaldia egingo dute bihar, 17:30ean Zerainen, Jose Ignacio Asensio Lehen diputatu nagusiordea eta Jasangarritasuneko diputatuaren parte hartzearekin. Arantzazu Gereñu Zeraingo alkateak, Loli Gonzalez ZerainLabeko lehendakariak, proiektuaren sorreran bidelagun izan diren enpresa eta erakundeetako ordezkariak eta kooperatibako kideak ere bertan izango dira.
Gaur egun, 30 familiek osatzen dute energia komunitatea, baina hasieratik izan du izaera irekia eta zabaltzeko bokazioa. Andoni Alustiza kooperatibako kideak dioenez, « azpiegituren kokapenak ez dira kasualitatea, eta horiei esker, Zeraingo herri muga osora iritsi daiteke energia, Aizpea eta Barbari auzoak barne». Horregatik, kooperatibak «ateak irekita ditu bazkide berrientzako».
Kooperatiba irekia
Are, Zeraingo proiektua beste leku batzuetarako estrapolagarria izatea ere nahi dute, etorkizunean «komunitate sare handi bat» sortzea ahalbidetzeko. Zeraingo Udalak pilotalekuan eguzki plakak jartzeko duen proiektuari buruz esan du, kooperatibaren aldetik elkartzea «asko gustatuko» litzaiekeela. Zentzu horretan, biharko ekitaldia, «proiektua zabaldu, eskaini eta partekatzeko» antolatu dute. Orain, epe ertainera begira, kooperatibako kideen artean «argindar banaketa optimizatzeko» lanean dabiltza, Alustizak aurreratu duenez.