Goierriko Jazzaldia, uztailaren 2tik 5era Ordizian
Hamabigarren jazzaldia da. Ordizian egingo dira ekitaldi guztiak.

2025eko Goierriko Jazzaldia prest dago. Antolakuntzakoek jakinarazi dutenez, gainera, “aldaketak izan diren arren, gero eta sendoago dator” hamabigarrena, uztailaren 2, 3, 4 eta 5ean. “Dagoeneko guztiz finkatuta dagoen jaialdia da, eta ez da aurkezpenik behar ez inguruko ez urrutiko jazz musikarien artean, jaialdiak gure herri eta bailararen mugetatik haratagoko sona eskuratu baitu”.
Jazz musika Goierri eta inguruko bailaretako herritar guztiei (haur, gazte zein heldu) hurbiltzea da hasiera-hasieratik Goierriko Jazzaldiaren helburua. Iaz arte Ordizian eta Araman egin ohi zen jaialdia, baina aurten ere, iaz bezala, aurtengo ekitaldi guztiak Ordizian izango dira.
Hona hemen, Goierriko Jazzaldiaren egitaraua, artisten xehetasunekin.
Uztailak 2, asteazkena
21:00etan. Sugaar tabernan. JAC, Jaime Alvarellos Correcher blues abeslari eta gitarra jotzailearen kontzertu-hitzaldia: Gitarra Jazz-a eta blues-aren historian. JAC Bera (Nafarroa) eta Hendaia (Lapurdi) artean bizi dena. Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroan (Musikene) “Gitarra-Jazz” espezialitatean goi-mailako titulua eskuratu zuen, eta 20 urtetik gorako ibilbide profesionalean musikari ugarirekin partekatu du oholtza: nabarmentzekoak dira Lodovic Bource (Oscar eta Urrezko Globoen irabazlea), Erns Van Tiel, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, edo Xacobe Martínez Antelo eta Manolo Gutiérrez (Sumrrá). 2020an, RAW izeneko bere lehen diskoa argitaratu zuen bakarka. Delta del Mississippin XX. mendearen hasieran sortutako estiloetan oinarritutako errepertorio akustikoa da (blues, ragtime, piedmont estiloa). 2023ko urtarrilean bigarren diskoa aurkeztu zuen, DRY.
Kontzertu-hitzaldi honen helburua jazzaren eta bluesaren historiaren ibilbidean gitarrak izan duen garrantziaren berri ematea da, bidean gertaturiko aldaketa, nahasketa, edo fusioak musika bidez erakutsiz. Ibilbide horren berri emateko, JAC-ek abestiak eta 20ko, 30eko, 40ko eta 50eko hamarkadetako landa-bluesaren historiari buruzko anekdotak tartekatuko ditu. JAC-ek bere instrumentu kuttuna den gitarra izango du ardatz. Ez da lehenengo aldia JAC-ek Goierriko Jazzaldia-n bere musika aurkezten diguna, ez eta ere JAC-en gitarrajole gaitasun zoragarriak agerian emango direna.
Uztailak 3, osteguna
22:00. Udaletxeko arkupeetan. Arakistain, Kaele, Morales Trio. Jazz Funkaren Espainiar aitzindarietako eta erreferenteetako bat den Iñaki Arakistain saxo-jotzaile beterano eta moldakorra indarrez itzuli da hirukote berezi eta apart bat aurkezteko: bere proiektu gehienetan funtsezko partaidea den Cristina Morales kanariarra, perkusio-jotzaile sonaduna, eta Jose Luis Kaele, gazte pianista, paregabeko talentu musikal naturala duena. Hiru musikari hauek indarrez betetako unibertso musikal batera eramaten gaituzte, non inprobisazioa, sormena eta estilo ezberdinen arteko elkarbizitza nabarmentzen diren: Flamenco Jazz, Jazz Latino, Jazz Fusión eta Jazz Funk afroamerikar jatorriko estiloak.
Taldekideak: Iñaki Arakistain (saxoa), Cristina Morales (perkusioa), Jose Luis Kaele (pianoa)
Uztailak 4, ostirala
20:30ean. Plaza Nagusian. Ben Lopez Quartet. Benjamin Lopez Parisko jazz gitarra jotzailea da. Talde buru moduan, edo beste musikari batzuen ondoan laguntzaile gisa, maiz jotzen du Parisko klubetan, hala nola Sunset/Sunside, Duc des Lombards edo Baiser Salé aretoetan.
Romain Pilon, David Prez, Laurent Coq eta Eric Schultz irakasleen gidaritzapean Edim musika eskolan DEM Jazz titulua eskuratu ondoren, Benjamin urtebetez New Yorkera joan zen Jazz eta Musika Garaikideko New School ospetsuan ikastera, merezimendu-beka bati esker. Han bere idoloetako batzuekin ikasteko aukera izan zuen: gitarra jotzaileak Mike Moreno, Peter Bernstein, Andrew Renfroe, Steve Cardenas eta saxofoi-jotzaile Dayna Stephens.
Benjamin Smietana Gitar Lehiaketan nabarmendu zen, Peter Bernstein gitarra jotzaileak zuzendutako epaimahaiaren aurrean, eta ehunka nazioarteko gitarra jotzailearen artean hautatu zuten Krakovia (Polonia) hirian jokatutako finalerdietan parte hartzeko.
Parisera bueltan, Benjamin hainbat musikarirekin elkarlanean aritu da eta kontzertu asko eskaini ditu Parisko jazz eszenako izen ezagunenekin: Ricardo Izquierdo, Robin Nicaise, David Prez, Jozef Dumoulin, Ariel Tessier, Stéphane Adsuar, Yoni Zelnik, Viktor Nyberg, Florent Nisse, Damien Varaillon, Simon Chivallon, Jeremy Hinnekens…
Draft izeneko diskoarekin, Ben Lopezek bere lehen albuma kaleratu du talde-buru gisa. Azken 10 urteetan berarekin eszenatokia partekatu duten musikariak bildu ditu inguruan. Haiekin batera garatu du inprobisazioan oinarritutako soinu eta ulermen berezi bat sortu du, eta horrek elikatu du lehen disko honen errepertorioa. Robby Marshall saxofoian, Sylvain Dubrez kontrabaxuan eta Stefano Lucchini baterian dituen laukoteak testura eta kolorez aberatsa den paisaia musikal bat marrazten du, Bill Frisell eta Kurt Rosenwinkel bezalako musikarien mundutik ekarritako eraginarekin.
Diskoaren aurkezpena egingo du Benek eta bere taldeak Goierriko Jazzaldiaren eszenatokian.
Uztailak 4 ostirala
23:00etan. Plaza Nagusian. Move. Move taldea, Javier Callen kontrabaxu-joleak, Alberto Arteta saxo-joleak, Iñigo Ruiz de Gordejuela piano-joleak eta Borja Barrueta bateria-joleak osatzen duten laukotea da. Move-ek Momentum izeneko disko berria aurkeztu du, sona hartu duen talde honen une musikalaren isla den lana.
Disko honek lau musikari hauen esperientzia islatzen du. Lau musikariak inguruko sinergiak jasotzeko eta aurrera egiteko gai diren artistak dira, musika generoak gainditzen dituztenak eta publiko orokorra hunkitzea helburu duen ibilbide batean murgilduta daudenak.
Lana osatzen duten konposizio guztiak laukotearen lau kideek sortuak dira. Sormen prozesu bateratu baten ondoren, guztiek Move taldeari bereizgarri egiten dion soinu bateratu bat partekatzen dute. Soinu hori hainbat tradiziotako folk aberatsetatik eta jazzaren ondare handi eta maisu handien eraginaz elikatzen da.
Dudarik gabe, soinu berezi horrek bihurtzen du Move emozioen igorle, zeinak entzuleak adierazkortasun handiko musikarekin sakon-sakonean hunkitzen dituen. Haien musika barrenak mugitzeko sortua da, eta lau musikari hauek partekatzen duten errespetu, miresmen eta konfiantzaren fruitu da; urteetako dedikazio eta esplorazio musikal bateratuaren emaitza.
Uztailak 5, larunbata
19:00etan. Plaza Nagusian. Ordiziako Musika Eskolako taldea, aurreko edizioetan programatutakoaren antzera, urteko aurrerapenak erakustera etorriko da. Ordiziako Musika Eskolako irakasle den Edorta de Pedrok zuzendua da taldea. Ordiziako Musika Eskolako ikasleez osaturiko talde honek gaur egungo musika hartu eta big band estilora ekarriko du kontzertu alai eta gozagarri bat eskainiaz. Goierriko Jazzaldiaren antolatzaileentzat garrantzitsua da oso Goierriko Musika Eskolekin harremana mantentzea, eta horretan indar bat egiten dute jazzaldiaren lehenengo ekitalditik.
20:30ean. Plaza Nagusian. Nuria Culla. Nuria Culla abeslari, gitarrista eta konpositore donostiarra da. 2013an bakarlari gisa jotzen hasi zen, hainbat estilo ezberdin landuz: indie-pop eta folk alternatiboaz gain, jazzetik eta rocketik hurbilago zeuden artista ezberdinen bertsioak. Gitarra klasikoko Gradu Profesionala ikasi zuen Donostiako Kontserbatorioan eta jazz kantuko Goi Mailako Gradua Musikenen. Deborah Carter eta Viktorija Pilatovic bezalako nazioarteko abeslari ospetsuen ikasle izan da, eta hainbat jazz musikariren masterclass-ak ere jaso ditu, adibidez Dick Oatts, James Francis, Perico Sambeat, Bernard Van Rossum eta Carlos Martín, besteak beste.
Euskal Herriko eta inguruko areto eta jaialdietan aritua da Nuria Culla: Gasteizko Jazzaldia, Gipuzkoako Ahotsak, Desenchufados (Logroño), Stop War, Fnac-eko Musikaren Eguna, Donostia 2016, Olatu Talka, Donostia Kulturaren emanaldiak, Musikagela Fest…
2018an lau abestiz osatutako Lluvia de marzo en Venecia izeneko lehen EPa argitaratu zuen, bakarkako proiektua, gitarra eta ahotsarekin soilik. 2021ean talde formatu berri batekin estreinatu zen (gitarra elektrikoa, teklatua, baxua eta bateria). I used to abesti berriarekin eta aurretik sorturiko musikari ikuspegi berri bat emanez, jazzaren eragina nabaritzen delarik, baita kolore eta soinu elektriko gehiago ere. Hilabete batzuk geroago, formatu berean Casi nada argitaratu zuen, abestiaren mezuarekin bat datorren bideoklip batekin.
2024an Hamaika gau estreinatu zuen Ordizian aurkeztuko duena. Bere bigarren lana eta lehen album luzea, non aipatutako estiloak eta soula, neo-soula, bossanova… soinu elektroniko eta modernoagoekin konbinatzen dituen.
23:00etan, Plaza Nagusian: Jaco Pastorius Legacy 5tet. Jaco Pastorius (1951–1987) baxu-jotzaile, konpositore, moldatzaile eta ekoizle estatubatuarra izan zen, funk, jazz fusio eta jazzaren arloan aritu zena. Bakarlarien rola ezarri zuen, melodiak interpretatuz oinarria jotzeaz gain, instrumentuan berrikuntzak sartuz. 60ko eta 70eko hamarkadaren hasieran hori pentsaezina zen.
1976tik 1981era Weather Report taldeko kide izan zen. Pat Metheny, Herbie Hancock eta Joni Mitchellekin lan eginez, eta hamazazpi disko grabatu zituen bakarlari gisa. Bere nortasun karismatikoak funtsezko errola izan zuen bere burua “Munduko baxu-jotzailerik onena” zela aldarrikatzean harrokeria puntu batekin. Egia esan, ez zegoen oso oker.
Jaco Pastoriusek hainbat musika-genero uztartu zituen bere lanetan, klasikotik eta jazzetik hasi eta funk, rock, reggae eta afro musikara arte, besteak beste. Elementu horiek guztiek osatzen dute bere musika entzutean bizitzen den esperientzia zoragarria.
Bere trebetasun teknikoari dagokionez, katalizatzaile garrantzitsu gisa jokatu zuen, beste instrumentuetatik informazioa xurgatuz eta informazio horiek baxu elektrikoan aplikatuz. Gainera, inprobisatzaile gisa, Bebop hizkuntza modu arin eta natural batean integratu zuen. Fretless baxuaren (hau da, trastarik gabeko baxuaren) jabetza bereziki nabarmendu genezake, eta horixe, hain zuzen ere, bere estilo musikal bereizgarriaren sinadura bihurtu zen, beste dohain eta ezaugarri batzuen artean.
Jaco Pastorius Legacy 5tet Tomás Merlo baxu-joleak sortu zuen 2024an, jazzaren ikono handienetako batek, Jaco Pastoriusek, bere ibilbidearen amaieran konposatu zuen musika ezagutzera emateko helburuarekin.
Pastoriusen ustekabeko heriotza ondorioz, ezin izan zuen modu ofizialean argitaratu 1980 eta 1987 artean konposatutako musika hori. Ohikoa zuen moduan, funketik, Karibeko musikatik eta jazzetik edaten zuen estilo horrek markatzen ditu konposizio ia denak.
JP Legacy 5Tet taldeak indarrez eta sentsibilitatez interpretatzen ditu konposizio horiek, baita bere errepertorioko obra ezagunenetakoak ere, hala nola Teen Town, Three Views of a Secret eta Continuum.