Korosti Eguna ospatuko dute taldeko dantzariek ostiralean
Latxartegin hasiko da festa giroa ginkana batekin, eta triki poteoaren ondoren afaltzeko elkartuko dira Gizarte Zentroan. Dantzari helduak Kosovoko folklore jaialdi batera joango dira uztailean. Ikasturte berrirako izen-ematea irekita du taldeak.

Festa giroan amaituko du Korosti dantza taldeak ikasturte honetako jarduna, lehen Korosti Eguna antolatu baitu horretarako. Ostiralean izango da, etzi, eta dantzari, dantzari ohi, familia, lagun eta musikariak elkartuko dira bertan.
Latxartegi parkea izango da topagunea, eta 18:30ean hasiko da festa. Ordu horretarako dago iragarrita haurrentzako eta gaztetxoentzako ginkana,.Ordu bete beranduago Gurrutxaga tabernan izango dute hitzordua, afal aurrea girotuko duen triki-poteoari hasiera emateko. Eta amaieran, afaria egingo dute Gizarte Zentroan, sorpresa ugarirekin.
Horrela emango diote amaiera ikasturteari dantzariek, baina helduen taldeko kideek oraindik ere lanean jarraituko dute, uztailean Kosovon egingo den N’Karadak Krisin Tupanat nazioartekoko folklore jaialdian parte hartuko baitute.
Ikasturte berria
Horrez gain, datorren ikasturterako izena emateko epea ireki du Korostik. Horretarako, https://labur.eus/korosti2526 loturan dagoen galdetegia bete daiteke, edo mezu bat bidaliz 688852624 telefono zenbakira.