Olazabal institutuko ikasleen azoka solidarioa
Aspanogi elkarteari emango diote jasotako dirua. Bigarren eskuko gauzak saldu dituzte, baita gozo batzuk ere.

Azoka txiki eta berezia egin da gaur Legazpin, Nafarroa kalea eta Kalea Nagusia elkartzen diren gunean. Olazabal institutuko DBH 1 eta 2 mailako eta Gela Egonkorreko ikasleek bigarren eskuko makina bat gauza jarri dituzte salgai elkartasun helburu batekin. Bildutako dirua minbizidun haurren familiek osatzen duten Aspanogi elkartearentzat izango da.
Gauza asko izan dituzte salgai: liburuak, diskoak, arropa, poltsak, apaintzeko objektuak, eskuz egindako pitxiak… eta horiekin batera, baita ikasleen familiek egindako gozoak eta Gela Egonkorreko ikasleek egindako hainbat artisau lan ere bai.
Aspanogi elkarteko ordezkariak ere bertan izan dira salmentan laguntzen eta informazioa zabaltzen. Laster zenbatuko dute irabazitako dirua, eta txeke batean bilduta emango diote elkarteari. Horrela bukatuko dute ikasle hauek geletan ikasturtean zehar helburu solidarioa duten elkarteen inguruan egindako lanketa.