'Ongi etorri baserrira' planak, uztailaren 4an eta 5ean
Enba sindikatuak baserri munduaren eta hiriaren arteko zubigintza lana egitea du helburu. Zeraingo Ariztizabal baserria eta Txirbil aroztegia, eta Ordiziako Arramendi baserria bisitatzeko aukera dago.

Enba sindikatuak ‘Ongi etorri baserrira’ egitasmoa egingo du aurten ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hogei baserritako ateak zabalduz. Uztailaren 4an eta 5ean izango da baserriak bisitatzeko aukera, tartean, uztailaren 4an Zeraingo Ariztizabal baserria (basoa eta egurra) eta Txirbil aroztegia (arotzeria, zurezko bizikletak), eta uztailaren 5ean, Ordiziako Arramendi baserria (esne behiak eta ardiak).
Baserri mundua eta hiriaren arteko zubigintza lanak egiteko asmoz Enba sindikatuak 2014an martxan jarritako egitasmoa da ‘Ongi etorri baserrira’. Era horretan, baserrietako ateak zabalduaz, ekoizle eta kontsumitzaileen arrteko harremana sendotu eta estutu nahi da.
10 urte
Hamargarren ‘Ongi etorri baserrira’ da aurtengoa, “gure jakien jatorria berraurkitzeko eta beren ingurune naturalean, mahaian dastatzen ditugun elikagaiak ekoizten dituzten baserritarrak ezagutzeko aukera ezin hobea eskainiz”. Enbak nabarmendu duenez, familian edo lagunartean egiteko “bisita zoragarriak” dira.
Bertako elikagaien kontsumoa sustatzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzaren Hazi-ren bitartez, talde bakoitzean, elikagai otarra zozketatuko da.
Bisitaren ordutegiak eta izen emateak
- Bisitaren Ordutegia: 11:00etatik 14:00etara.
- Baserri eta ibilbide gaineko informazioa: www.ongietorribaserrira.eus.
- Izen-ematea, www.ongietorribaserrira.eus.
- Izena emateko azken eguna, ekainaren 29a (barne).
- Izena ematea dohainik da.
- Informazio telefonoa: 943 65 01 23.