Piperminen festa hasi da Ordiziako ferian
Piper morroa ere jarri dute salgai, eta tomate ekologikoa eta kuiatxo zuria ere iritsi dira.

Aurreko asteazkenean ikusi baziren ere, haiek Nafarroakoak ziren, eta gaur arte ez da hasi piperminen festa ofiziala Ordiziako ferian. Ibarratik iritsitakoak izan dira aurten ere Gipuzkoako lehenak, eta Iguategiko Esther Illarramendik eta Monteseko Arantxa Iparragirrek zituzten salgai goizean, kiloa 12 eta 15 euro artean. Joan den astean kiloa 6 euroan saltzen ari zirela agertu zen kronika honetan, baina prezio hura gaizki zegoen, merkeegi horrelako kutixi batentzat, egia esan. Prezio zuzena 18 euro zen.
Bestelako piperrak ere badaude aukeran Plaza Nagusian, eta gaurtik piper morro berdea dago horien artean. Patxi Arizmendik zituen salgai, kiloa 7 euroan. Bestela, Gernikak piperra eta Kakute edo piper ezti luzea ere erosi daitezke.
Arizmendik baratxuri buruak ere bazituen salgai, sorta 2,5 euroan. Gaur ere Iker semearen laguntza izan du postuan aramar honek.
Tomatea eta kuiatxoa
Berritasun gehiago izan dira gaurko ferian, tomate ekologikoa, esaterako. Zeraingo Iñaki Intxaustik izan ditu salgai, baina di-da batean saldu ditu denak . Badira aste batzuk Azkotiko Uzinek urteko lehen aleak aurkeztu zituela, eta ordutik eskaintza ugaritzen doa poliki-poliki, hori bai, negutegikoa oraindik. Esan beharra dago produktu honek eskari handia duela, eta Uzinen postuan, esaterako, ilara luzean egiten dituzte bezeroek erosteko. Tomate kiloa 4,6 eta 6,5 euro artean dago orain.
Kuiatxoak ere ez dira berriak ferian, baina gaur zuriak ere ikusi dira, aire librekoak gainera. Zurutuza ahizpek zituzten, kiloa 3,5 euroan.
Perretxikoen artean, bestalde, ezer berririk ez, ziza kopuruaren jaitsiera kenduta. Lala ere, Lasaren eta Barcinaren postuen artean, 100 kilo elkartu dituzte, eta kiloa 35 eta 40 euro artean izan dute salgai. Gainera, 25 kilo onddo ere izan dira salgai, kiloa 35 eta 38 euro artean, baita 31 kilo ziza hori ere, 24 eta 25 euro artean. Boilur gutxi batzuk ere ikusi dira, kiloa 160 euroan.
Euriarekin kaltetuta
Eta horiez guztiez gain, joan den asteburuko euri jasek eragindako kalteak ere izan dira hizpide gaurko ferian. Izan ere, saltzaileetako batzuek kalte handiak izan dituzte baratzeetan eta soroetan euri haien ondorioz.
Altzagako Arantxa Lopetegi edo Aramako Arantxa eta Maite Zurutuza izan ziren kaltetuetako batzuk, eta oraindik urak eragindako txikizioak konpontzen ari direla esan dute.

Monteseko Arantxa Iparragirre

Patxi eta Iker Arizmendi aramarrak