Legazpiko institutua 40. urteurrena ospatzear
Olazabal du izena orain, baina REM bezala ezagutu zen hasierako ikasturteetan. Larunbatean ospatuko dute urteurrena plazan, egun osoko festarekin.

Gaur egun Olazabal BHI izenarekin ezagutzen den Legazpiko institutuak 40 urte betetzen ditu aurten, eta ospakizun nagusiak larunbat honetan izango dira. Egun osoko festa antolatu dute, eta festa horren inguruan garai bateko eta gaurko ikasleak eta irakasleak elkartzea da asmoa.
Euskal Herria plaza inguruan gauzatuko da egunerako prestatutako egitarau zabala. Festa 12:00etan hasiko da, belaunaldien arteko jolas saioarekin, eta 13:30ean jarraituko du, erraldoien kalejira eta dantzekin. Ondoren, 14:30ean, bazkaria hasiko da Azokan, eta 300 inguru bazkaltiar elkartuko dira bertan. Bazkalondoan bingoa eta bertsoak izango dira, hainbat sari banatzearekin batera. Eta arratsaldeari amaiera emateko, elektrotxaranga baten emanaldia izango da.
Eraikina, 1969koa
Institutuak 40 urte egiten ditu, baina ikastetxe hori hartzen duen San Martin auzoko eraikina lehenagokoa da, eta bertan nesken Santa Teresa kolegioa egon zen. Patrizio Etxeberriak bere lantegiko langileen alabentzat eta herriko gainerako neskentzat egin zuen ikastetxea, haren emazte Teresa Agirreren ekimenez. 1969ko urriaren 15ean inauguratu zen kolegioa, eta 14 urte iraun zuen irekita, neskei oinarrizko heziketa eskainiz. Ikastetxe erlijiosoa zen, eta Ama Vedrunaren karmeldar mojek zuzendu zuten, hainbat irakasle ere izan zirela.
Baina hasieran neskentzat soilik sortu zen ikastetxeak mutilenekin bat egin zuen 1970ean, OHO hezkuntza sistema martxan jartzeko onartu zen legearen ondorioz. Hala ere, benetako fusioa ez zen 1980ra arte gauzatu, eta 1980-1981 ikasturtean mojetako ikasle zaharrenak eta hainbat irakasle fraideen eskolara joan ziren.
Santa Teresa ikastetxearen azken ikasturtea 1984-1985ekoa izan zen, eta horren ondoren hutsik geratu zen eraikina. Ordurako, zentroa Legazpiko Udalarena zen, Patrizio Etxeberriaren oinordekoek hari eman eta gero. Udalak Hezkuntza Sailari eman zion gero, heziketa ertaineko ikastetxe bihurtzeko helburuz.
REM-etik Olazabalera
Izan ere, garai hartan Legazpiko gazteek Urretxura, Zumarragara edo Oñatira joan behar izaten zuten derrigorrezko hezkuntzatik aurrerako ikasketak egitera (Batxilergoa eta UBI, edo Lanbide Heziketa). Harekin kezkatuta Legazpitik unibertsitatera lemapean elkartu zen herriko guraso eta eragile talde baten ekimenez, mojen ikastetxe zaharrean Legazpiko Batxilergo Institutua irekitzea lortu zuten. 1985eko urriaren 1ean eman ziren lehen klaseak han.
Irakaskuntza Ertainen Erreformako ikasketak ematen zituen institutuak, gaztelaniaz Reforma de las Enseñanzas Medias edo REM. Horregatik deitzen zioten REM. Lehen ikasturte hartan 93 ikasle eta hamalau irakasle izan zituen. Mertxe Etxeberria izan zen lehen zuzendaria, eta Amaia Etxeberria ikasketa burua.
Institutuak Olazabal izena hartu zuen 1996ko uztailaren 30ean, han zegoen baserria gogoratuz. Harrezkero Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikasketak eskaintzen dira bertan, eta ikasle gehiago ditu gainera Zereginen Ikasketarako Gelan eta Gela Egonkorrean.