20. urteurreneko lehendabiziko emanaldia egin du Urmaizek
San Andres elizan kontzertu berezia egin zuen Ormaiztegiko abesbatzak larunbatean, 20. urteurreneko ekintza sortari hasiera emateko.

Urmaiz abesbatzak 20. urteurrena ospatzeko antolatu duen egitarau sortaren lehendabiziko kontzertua eskaini zuen larunbatean, Ormaiztegiko San Andres elizan. Kontzertu berezia izan zen joandako 20 urte hauetan koruko kide izandako abeslariek eta zuzendariek ere parte hartu zutelako.
Besteren artean, Debora Herrero taldeko lehendabiziko zuzendariak, Alberto Saez Puente 15 urtetan Urmaizeko zuzendari izandakoak eta Jabier Alberdi gaur egungo zuzendariek hartu zuten parte larunbateko emanaldian.
Hurrengo emanaldirako ez da asko itxaron beharrik izango, Lierniko erromerian izango baita. Urtero egiten dute kontzertu bat egun horretan, abesbatzaren lehendabiziko kontzertua eta orduan izan zen. Aurtengoa berezia izango da 20. urtemugaren harira. Urtea borobiltzeko, Gabonetan Gabriel Faure konpositore frantsesaren El oratorio de Noel eskainiko dute.
Argazkiak: Angel Elorza