Olazabal institutuak goitik ospatu ditu 40 urteak
Egun osoko festa antolatu zuten larunbaterako, eta 300 inguru pertsona elkartu ziren ospakizunean, lepoan zapi laranja jantzita.

Legazpiko Olazabal institutuak goitik ospatu du bere 40. urteurrena. Larunbaterako egun osoko festa zuten antolatuta, eta prestatu zuten egitarauaren inguruan 300 bat lagun elkartu ziren- Garai bateko eta gaurko ikasleei eta irakasleei zuzendutako festa eguna izan zen.
Zapi laranja lepoan hartuta, ikasleak eta irakaslea 12:00etan elkartu ziren plazan egundo beroa lagun zutela, belaunaldien arteko jolasak egiteko. geroxeago, Legazpiko erraldoiak eta buruhandiak elkartu zitzaizkien, eta gaiteroek lagunduta, guztiek batera kalejira eta poteoa egin zuten herriko erdigunean zehar, gero Azokara itzuli eta bazkaltzeko.
Bazkalondoan bingoa eta bertsoak izan zituzten, eta musikaren txanda iritsi zen berriz ere, bigarren okasio horretan, Olazabalen ikasitako hainbat musikarik osatutako elektrotxaranga batekin. Hori ere kalean gora eta kalean behera ibili zen, eta Azokan amaitu zuen saioa iluntzean, horrekin festa ere bukatuz. Ordu horretarako parrandarako gogoa ondo piztuta zegoen, batez ere gazteen artean, eta gauean oraindik asko eta asko zebiltzan kalean zapi laranja jantzita.
Olazabalen 40. urteurrena antolatzeko lan egin duen taldea “oso pozik” geratu zen festaren martxarekin. “”gun polita izan zen, eta jai giroan ederki ibili ginen”, laburbildu dute larunbatean bizitakoa. “Antolakuntzan orduak sartuta” ospatutako festa izan zen, “baina merezi izan du”.