San Joan errondaren ondoren, gaur arma alardea eta sua Legazpin
Alardea 18:00etan aterako da Laubidetik, eta plazan amaitu. Sua eta erromeria ere plazan egingo dira. Bihar amaituko dira Telleriarteko festak.

Alaitasuna errondailak eta Santikutz abesbatzak atzo arratsaldean egindako kantu eta musika errondarekin, hasi dira Legazpin San Joan inguruko ospakizunak. Jai giroko ekitaldiek jarraipena izango dute gaur herrian.
Telleriarten ere izango da festa giroa, bihar amaituko baitira aurtengo sanjoanak.
Alardea, 18:00etan hasita
Gaur, suaren aurretik, armen alardea egingo dute legazpiarrek arratsaldean, azken urteetako ohitura berretsiz. Ehun inguru lagunek parte hartuko dute alarde honetan, eta ohiko ibilbidea egingo dute Laubidetik plazara bitartean, 18:00etan aterata..
Sua, plazan
Sua eta suaren inguruko festa eta erromeria ere plazan egingo dira, 22:25eko txalaparta doinuekin hasita. Txalapartaren deiaren ondoren San Joan zortzikoa jotzen hasiko dira Goiz Deia bandako txistulariek, eta bitarte horretan emango diote sua plazako egur pilari. Pila erretzen doan eran, inguruan Bedaioko ingurutxoa dantzatzeko aukera izango dute herritarrek.
Ondoren, suaren inguruko hesiak kenduko dituzte, salto egin nahi dutenek salto egiteko. Goiz Deiako kideek girotutako erromeria izango da ondoren.
Telleriarten, San Joan eguna
Telleriarte auzoan San Joan jaiak ari dira ospatzen, eta bihar izango da azken eguna. 12:00etan meza eta ohiko lore bedeinkapena egingo dute San Joan elizan, eta ondoren, luntx herrikoia plazan.