Legazpik bete du aurten ere armen alardearekin
San Joan bezperan egiten da, duela urte batzuk berreskuratu eta gero. Seguraren menpe zeuden garaia gogoratzen dute legazpiarrek.

Armen alardeak Legazpiko kaleak hartu zituen atzo txilibitu doinuarekin eta eskopeten tiroren zaratarekin. San Joan bezpera zen, eta egun horretan garai batean herrian egiten zen armen alardea egiteko ohitura berreskuratu zen duela urte batzuk, Seguraren menpe zegoen garaiak gogoratzeko. Aurten ere bete dute hitzorduarekin.
Bi konpainiatan banatuta atera ziren atzo eskopeteroak arratsaldean, herrian zehar ibilbide zaratatsua eginez. Txistulariak, dultzaineroak eta txilibiteroak arduratu ziren musikaz, eta segizioa osatzeko, zaldizkoak, idiak eta hainbat laguntzaile ziren. Partaideak 100 inguru ziren.
Laubiden hasi zen desfilea, eta erdigunerako bidean, geldialdia egin zuen Bikuña jauregian mokadu bat hartzeko. Amaiera plazan izan zen, partaide guztien zerrenda irakurrita eta azken eskopeta salbak botata.




























































