Legorretako Xendapedalak martxa, euriteengatik ibilbidea aldatuta
Luizien ondorioz, mendi bizikletako martxaren ibilbidea laburragoa izango da. Larunbatean 09:00etan abiatuko dira txirrindulariak plazatik. Dortsalak ostiral arratsaldean jasotzeko aukera izango da.

Seigarren Xendapedalak mendi bizikleta martxa jokatuko da larunbatean Legorretan. 09:00etan herriko plazatik abiatuko dira txirrindulariak (gehienez, 200) eta inguruko bideetan 40 kilometro inguruko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek.
Zalantzan egon dira aurtengo Xendapedalak egin ala ez, edo atzeratu. Baina azkenean egitea erabaki dute, ibilbidea zertxobait egokitu eta kilometroak 4-5 kilometro gutxituta. Ohi baino lan handiagoa izan dute antolatzaileek, ekainaren 13 eta 14ko euriteen ondorioz, ibilbidea egokitzen. Ordurako ibilbidea egokituta eta txukunduta bazuten ere, azkeneko egunetan lan gehiago izan dute eroritako zuhaitz adarrak kentzen. Luizien ondorioz, gainera, ibilbidea zertxobait aldatu behar izan dute.
Ibilbide zehatzaren track-a, oharrak eta gomendioak, bihar-etzitan bidaliko dizkiete parte hartzaileei. Egunean bertan, gps-a eta antolatzaileen telefono zenbakia gainean eramatea gomendatu dute.
Izen-ematea
Dagoeneko ehundik gora dira izena-emandakoak, eta etziko 20:00ak arte dago epea Internetez,Rockthesport.com webgunean izena emateko. 200 parte hartzailerentzako muga dago. Dortsalik sobratuz gero, egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera. Federatuek 35 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabeek 39 euro. Dortsalak ostiral arratsaldean jasotzeko aukera izango da.
Aurtengo Xendapedalak proban bada berrikuntza bat: maiatzaren 18a baino lehen izena eman dutenek, Gobik markako Enduro elastikoa jasoko dute opari, eta gainerakoek, galtzerdiak.
Lehenengo txirrindulariak 12:30-13:00 aldera iristea aurreikusten dute antolatzaileek.