Oilar Jokoarekin hitzordua bihar Legazpin
Korpus Zortzigarrena da bihar osteguna, ohitura zahar horrekin betetzeko eguna. 19:00etan hasiko da, Euskal Herria plazan. Goiz Deia txistularien laguntza izango dute jokalariek, eta irabazleak 20 euro jasoko ditu saritzat.

Bihar osteguna egingo da Oilar Jokoa Legazpin. Korpus Zortzigarrena da, eta ohitura beteko dute legazpiarrek aurten ere. XVIII. eta XIX. mendeetan oso hedatuta zegoen Korpus Zortzigarreneko oilar jokoa, baina ia desagertu da herriko plazetatik. Legazpi da ohitura hori oraindik mantentzen duen herri bakarretakoa.
Euskal Herria plazan izango da hitzordua, 19:00etan. Parte hartzeko baldintza bakarra 12 urtetik gora izatea da, eta udaletxeko arkupeetan eman beharko da izena jokoa hasi baino minutu batzuk lehenago.
Oilarra da joko honen protagonista nagusia. Lurrean markatutako bide bihurri baten amaieran egongo da, lurrean harriekin egindako dagoen oilarraren irudi gainean. Partaideek, udaletxeko arkupeetatik aterata eta begiak estalita, harenganaino iritsi beharko dute, bide horretatik atera gabe. Ondoan Goiz Deia txistulari taldeko kideak joango dira, eta etengabe jotzen joango diren Tranka-tranka doinuaren eta publikoaren jarraibideei jarraitu beharko diete partaideek oilarrarengana iristeko. Ezpata bat eramango dute gainean, eta helmugara iritsitakoan, ezpata horrekin borobil bat marraztu beharko dute airean, oilarraren gainean.
Hori egitea lortzen duenak irabaziko du jokoa, eta saritzat 20 euro eramango ditu, eta ez oilarra bera, garai batean bezala. Iaz bi irabazle izan zituen jokoak lehen aldiz: Mohammed Akka eta Ilyas El Boukili. Akka izan zen lehena parte hartzen, eta minutu bat baino gutxiago behar izan zituen oilarrarengana iristeko. Jokoaren zuzendari lanak egiten dituen udaltzainburuak jarraitzea erabaki du, eta ondoren izena emanda zeuden gaztetxoei parte hartzeko aukera eman zien. El Boukili hamabigarren partaidea zen.