San Joan sagarra ia egunarekin bat iritsi da aurten
Baratzetik ere iritsi dira produktu berriak, azenarioa edo arbi-aza tartean. Perretxikoak, aldiz, urritzen ari dira.

San Joan egunaren biharamunean, eta ekaineko azken ferian. Halaxe iritsi da urteko lehen sagarra Ordiziara, San Joan sagarra, hain emankorra izaten den fruta honen denboraldiari hasiera emateko. Itsasotik iritsi da, Maria Jesus Oriak Estala Goikoa baserriko sagastietan bilduta. Kiloa 3 euroan jarri du salgai, eta jateko oraindik bizi-bizia badago ere, ez da erosle faltaren izan, goiz erdialderako denak salduta zituelako. Hurrengo astean gehiago izango ditu salgai, eta sagar mota berriak ere joango dira agertzen feriako eskaintzan.
Fruten atalean produktu berri bat gehiago ere izan da gaur, masusta beltza. Basoko fruta gorri gisa ezagutzen diren horietan feriako espezialistak diren Maite eta Arantxa Zurutuza ahizpek aurkeztu dute, eta 18 euroan jarri dute salgai. Indi-mahatsak eta mugurdiak ere izan dituzte aukeran gaurkoan.
Baratzetik ere produktu berriak
Bestalde, baratzak emankor jarraitzen du, eta gaur ikusitako produktu berriak dira horren lekuko. Maria Jesus Oriak, San Joan sagarrez gain, aire libreko azenarioak ere jarri ditu salgai, kiloa 2,5 euroan. Aramako Patxi Arizmendik, berriz, japoniar jatorriko luzokerrak aurkeztu ditu, Japonian bertan erositako hazietatik etorritakoak. Hemengoak baino luzeagoak eta estuagoak dira, baina zaporez antzekoak. Kiloa 3,5 euroan jarri du salgai.
Asiako jatorriko produktuekin jarraituz, Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallanesek pak choia aurkeztu du, eta pieza 1,5 euroan jarri du salgai, baita arbi-aza gorria ere, kiloa 4 euroan. Arbi-azak (Brassica napobrassica) arbi erraboila eta aza hostoak ditu, eta esaten dutenez, Eskandinavian eta Errusian du jatorria.
Magallanesen ondoan postua duen Zeraingo Iñaki Intxaustik, berriz, zerba gorriak zituen, sorta 2,10 euroan. Bi ekoizle hauek ekologikoan lan egiten dute.
Perretxikoak, aldiz, eskas daude, eta atzo 60 kilo onddo besterik ez zeuden salgai, kiloa 24 eta 35 euro artean. Lasak ez zuen batere perretxikorik aurkeztu, eta onddoak Barcinaren postuan zituzten. Boilur ale batzuk ere bazituen Barcinak, 10.15, edo 20 euroan pieza bakoitza, tamainaren arabera.
Landareak eta loreak
Uda iristearekin batera, urtaro honetatik harago begira jarrita daude dagoenek landare saltzaileak, eta produktu berriak aurkezten hasita daude. Aurreko astean eskarola zen iritsi berria, eta gaur lonbarda (0,15. euro), kardua (0,20 euro) eta romaneskua eta bruselaza (0,20 euro) ere ikusi dira.
Eta loreetan, Zurutuzatarrek agapantus zuria eta kala arrosa zituzten berrien artean, sorta 5 euroan. Gladiolo gutxi batzuk ere ikusi dira ferian, baina goizean goiz saldu dira denak.
Gerezien festa
Zuhaiztiko fruta saltzaileen artean, berriz, gerezien eskaintza da nagusi. Oraintxe da fruta hezurdun honen garaia, eta postuak bete-bete daude. Gaur, 4,5 eta 8,9 euro artean erosi zitekeen gerezi kiloa.