Euskal Herriko 80 dantzari gazte Segurako topaketan
Bihar hasita igandera arte da III. Dantzari gazteen topaketa. Euskal dantzen etorkizunaz hausnartuko dute. Araian (Araba) eta Areatzan (Bizkaia) izan da aurretik.

Bihar hasi eta igandera bitartean 3. Gazteen dantza topaketa egingo da Seguran. Euskal Herriko 15 eta 25 urte bitarteko 80 dantzarik hartuko dute parte Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako ekimen honetan. Topaketa dantza tradizionalaren belaunaldien arteko erreleboaz hausnartzeko espazioa izango da; baita komunitate sentimendua indartzeko bitartekoa ere.
Dantzari gehiagoren parte hartzea espero zutela aitortu du Erika Garcia Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzaileak, «datak ez dira onak inoiz. Dantzari asko azterketetan daude eta jaiak dira nonahi. Aurten San Pedro inguruan egokitu da topaketa; dantza talde askok emanaldiak dituzte eta horrek ere noski, eragina dauka izen ematean», azaldu du.
80 pertsonako taldea osatuta, ordea, lehendabiziko helburua «betetzat» jo du Garciak. «Etorkizunari buruz hausnartzeko tartea hartuko dugu, dantzarien iritzia oso garrantzitsua delako», dio. Gainontzean, topaketaren helburu nagusietako bat jatorri ezberdinetako dantzarien artean harremanak sortzea da, «Euskal Herriko dantzari guztien artean sarea edo komunitate bat» sortzea. Eta horretarako baliatuko dute Segurako topaketa.
Goierritar gutxi
Jatorriari dagokionez, Euskal Herriko lurralde gehienetako ordezkariek hartuko dute parte topaketan. Iparraldeko dantzaririk ez da izango aurten, «interesa agertu duten arren». Gehienak bizkaitarrak dira, eta inoiz baino arabar gehiagok hartuko du parte. Nafarroa eta Gipuzkoako dantzari bakan batzuk ere izango dira, «goierritarrak gutxi».
Araian (Araba) eta Areatzan (Bizkaia) egin dituzte aurreko bi topaketak eta urtero egitarauan moldaketan egiten dituzte, «dantzariek iritziak kontutan hartuta egitarauak egokituz joan gara, emaitzak hobeak izan daitezen eta beraiek ere gusturago egon daitezen».
Bihar, 16:00etan iritsiko dira dantzariak Segurara —Baratze pilotalekua izango dute egun hauetarako elkargunea— eta harrera egin ondotik, taldetan banatuta hasiko dira lanean, «elkar ezagutzeko jolasak eta dinamika ezberdinak prestatuta daude», azaldu du Garciak. Taldeka landu beharko dute aurkezpena, gero 19:30ean herriko plazan jendaurrean erakutsiko dutena. Ondoren, dantza-plaza (20:30) egingo dute, «bai dantzarientzat eta baita herri osoarentzat irekita». Afalostean, lehendabiziko «hausnarketa dinamikak» egingo dituzte.
Mutiloako sanpedroetara
Larunbatean Zerainera joango dira oinez, 10:30etik 14:00etara txokoetan parte hartzeko. «Dantza metodologia, heziketa, dantzarako prestaketa, musika eta hausnarketarako txokoak» izango dira aukeran. Zeraindarrek antolatuta talo tailerra izango dute eta bertan bazkaldu ostean Segurara itzuliko dira. 17:30ean, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar eta 18:30ean dantza desafioak, plazan: «Taldeka koreografia ezberdinak sortu beharko dituzte Urtz taldearen abestiak eta euskal dantzen pausoak uztartuz». Talde irabazleak Urtz taldearekin kontzertu batera joan eta koreografia defendatzeko aukera izango du. Afalostean, Mutiloako San Pedro jaiez gozatzeko aukera izango dute.
Igandea asteburu guztian landu duten hori borobiltzeko eta topaketari itxiera emateko eguna izango da, «batez ere, Seguran sortu diren harremanak urtean zehar nola mantendu daitezkeen pentsatzeko». Bazkalondorenean, dantzari bakoitza bere etxera joango da, motxila helburu eta ametsez beteta.