Irteera eta eskapu jolasa astebururako plazan Anduetza perketxean
Animalia basatiak ikusteko irteera antolatu dute larunbaterako eta Frai Bartolomeren misterioa eskapu jolasa, iganderako.

Anduetza parketxeak asteburu honetarako bi plan proposatu ditu. Batetik, larunbatean, animalia basatiak ikusteko irteera antolatu dute Murgisarrira eta Frai Bartolomeren misterioa izeneko eskapu jolasa igandean.
Familian animalia basatiek basoan eta naturan uzten dituzten seinaleak ezagutzera ematea da helburu nagusia larunbateko irteeran; ondoren, familia bakoitzak bere herri inguruko natura-guneetan bilaketa hau praktikan jartzeko aukera izateko.
Ibilbidean zehar, intsektu txikienetatik hasita ugaztun handienetara hainbat espezieren bitxikeriak eta arrastoak azalduko dituzte. Murgisarriko basotxora iritsitakoan zuhaitz artean ibiltzeko aukera izango da, arrastoren bat aurkitzeko.
Ekainaren 28an, larunbatean izango da hitzordura, goizeko 11etan. Helduentzako prezioa 6 eurokoa da eta 12 urtetik beherakoentzat 4 eurokoa. Ibilaldiak badu zailtasun pixka bat Murgisarriko desnibela dela eta; hortaz, 5 urtetik beherakoentzat ez da egokia.
Eskapu jolasa naturan
Zegamako Udalak eta Anduetza Parketxeak elkarlanean sortutako ekintza da “Frai Bartolomeren misterioa” izeneko Natura eskapu jolas berritzailea. Adin guztietako bisitariei zuzendutako ekimena den arren, familiei eta lagun-taldeei zuzendua dago nagusiki. Parte hartzaileek hainbat enigma argitu beharko dituzte denbora tarte jakin batean, hainbat jolas eta froga gaindituz, Frai Bartolomeren altxorra ezagutzeko.
Landuko den istorioak basoa, zuhaitzak eta zura ditu protagonista. Gai horien inguruan ikasteko, jolasteko eta irudimena lantzeko tarte dibertigarria da beste ezer baino gehiago. Ekaineko azken saioa izango da igandekoa, 29an. Euskaraz eta gaztelaniaz egiteko aukera izango da. Helduentzako prezioa 6 eurokoa da eta 12 urtetik beherakoentzat 4 eurokoa.
Bi ekintzetan parte hartzeko derrigorrezkoa da aurrez izena ematea 688 623 609 telefonoan edo anduetza@gipuzkoanatura.eus-en.