Mattin Makibarrek irabazi du Legazpiko Oilar Jokoa
Dozena bat gaztetxok eman dute izena parte hartzeko, eta Makibar zortzigarrena izan da. 20 euroko saria jaso du.

Mattin Makibar Jauregi gaztetxoak irabazi du aurtengo Oilar Jokoa Legazpin. Udaletxe azpitik abiatuta, oilarra zegoen lekura arte lurrean markatutako bide bihurri osoa egin duen lehena izan da. Jokoaren arauek agintzen duten bezala, begiak itxita zituen, ezpata bat zeraman soinean, eta Goiz Deia txistulariak inguruan, Tranka-tranka doinua jotzen. Txistularien laguntzarekin eta plazan bildu den publikoaren jarraibide eta garrasiekin lortu du oilarrarenganaino iristea. Ezpatarekin oilarren gainean keinu bat eginda amaitu da jokoa, eta horrela irabazi du Makibarrek aurtengo Oilar Jokoko 20 euroko saria.
Oilarrarengana iritsi eta saria irabazi eta berehala, urduri eta oso pozik zegoen 12 urteko gazte hau. Publikoaren garrasiek asko urduritu dutela aitortu du, baina hala ere, lortu du bidea amaitzea. Esperientzia ikaragarria izan dela esan du, eta jendea parte hartzera animatu du.
Gaurko jokoan dozena bat gaztetxok eman dute izena, eta Makibar zortziagarrena izan da. Plazan jokatu da, eta eguraldia lagun, publiko ugari bildu da bertan.
Ohiturak agintzen duen bezala, hurrengo urtean egingo da berriz Oilar Jokoa, Korpus Zortzigarrenean.