Zegamako kondorraren azken hegaldia aurtengo X-Alpsen
Mattin Iñiguez gaur goizeko zortzietan geratu da probatik kanpo, zeharkaldia amaitzeko bezperan. Helmugatik 341 kilometrora geratu da, guztira ia 1.000 kilometro egin eta gero. «Talde gisa baginen gai ibilbidea bukatzeko. Dena eman dugu».

Orozkoko Santa Marina ermitan (Bizkaia), Red Bull X-Alps probaren eta euskal selekzioaren aurkezpena egin zen egunean, irudiak hartzeko hegalditxo bat egin zuen Mattin Iñiguezek. «Hor doa Zegamako kondorra», bota zuen Bittor Barquero taldekideak orduan. Alpeetako proba gogor hau hasi eta 11. egunean, atzo arratsaldean, egin zuen azken hegaldia Iñiguezek aurtengo Red Bull X-Alps zeharkaldian, Bellinzonako 12. mugarrian sinatu eta lasterrera. Gaur goizeko zortzietako azken kanporaketan ebaki dizkiote hegoak. Proba amaitzeko bezperan. Ia 1.000 kilometro egin eta gero, helmugatik 341 kilometro eskasera geratu da.
Sentimendu «gazi-gozo» horrekin da Iñiguez, ibilbidea ezin izan duelako bukatu. «Seguru nago gauzak pixka bat hobeto egin izan bagenitu talde gisa baginela gai ibilbidea bukatzeko. Dena eman dugu, ondo ibili gara, baina ezin izan dugu». Emozio, gorabehera, arazo, esfortzu, sufrimendu eta une gozagarri asko izan direla nabarmendu du euskal selekzioko hegalariak, eta, gaur goizeko emozioen zirimola horretan, jendearen babesa eskertu nahi izan du: «Oso polita izan da Euskal Herritik jaso dugun babes hau guztia hemen sentitzea, jendeak nola jarraitu digun. Berotasun hori sentitu dugu, eta hemendik, hau dena digeritzea eta eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, hasteko nire lantaldeari, ikaragarrizko lana egin dutelako, 24 orduz nire atzean dena ematen, eta hau posible egin duten babesle guztiei, BERRIA tartean».
Izan ere, hegan Mattin Iñiguez ibili da, baina abentura hau aireratzeko ezinbestekoa izan da hainbat lagunen babesa. Euskal selekzioa, Euskal Kirol Federazioen Batasuna, Zegamako Udala, BERRIA bera hedabide gisa… bidelagun izan dira abentura honetan. Eta batez ere taldea, Aner Bueno, Felipe Tudela, Bittor Barquero, Jon Arruti Tuti, Nerea Beltran de Heredia eta etxetik beste hainbat, hor egon dira Iñiguezi bihotz ematen, arnasa ematen, abentura honetan ahalik eta urrunen irits zedin.
Artikulua osoa Berria.eus webgunean.