Ateak Irekiko 32 gazte estatubatuar Goierrira bidean
Idiazabalen egin diete aurten harrera, eta astelehenean Beasainen dute lehen jarduera. Hiru asteko egonaldia egingo dute Goierriko familietan.

Ateak Ireki egitasmoan parte hartuko duten 32 gazte euskal estatubatuarrak bihar iritsiko dira Goierrira. Idiazabalen egingo diete harrera, 19:00etan. Udal ordezkariek ongi etorria eman ondoren, familia argazkia aterako dute.
Astelehenean egingo dute lehen jarduera ofiziala, Beasaingo Igartzako jauregian. EHUren Udako Ikastaroen barruan programatutako Euskal Dantzen ikastaroa egingo dute. Aurrez, Beasaingo alkate Leire Artolak, EHUko errektore Joxe Ramon Bengoetxeak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek egingo diete harrera.
Hiru asteko egonaldia egingo dute 32 gazteek Goierriko hainbat familiaren etxeetan. Ekintzak eta bisitak egiteko, euskara eskolak hartzeko eta familiekin egoteko tarteak izango dituzte 21 egunez. Uztailaren 20an itzuliko dira AEBetara.