Erraldoien egun handia bihar Legazpin
Legazpiko konpartsak, festa antolatu du bigarren urtez, goiza eta arratsaldea hartuko dituen ekitaldi sortarekin. Musikarik ez da faltako, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte.

Erraldoiak eta buruhandiak eta horien inguruan sortzen den giroa gustuko dutenak zorteko dira Legazpin, herriko konpartsak egun osoko festa antolatu duelako bihar larunbaterako. Legazpiko Erraldoi Konpartsaren Eguna izena eman diote festari, eta aurtengoa bigarren edizioa izango da. Iaz urrian egin zuten lehen aldiz, eta haren arrakasta ikusita, aurten ere errepikatzea erabaki dute, herritar guztiak gonbidatuta.
Osagai ugari izango ditu festak. Goiz eta arratsaldez izango dira ekitaldiak, eta erraldoiak eta buruhandiak ez ezik, izango ditu protagonista gehiago ere, gehienak musikaren ingurukoak. Afaria ere antolatu dute. «Musikaz, dantzaz eta jai giroz beteko dugu herriko txoko oro!», agindu dute.
Egun osoko egitaraua
Legazpiko erraldoi konpartsaren eguna 10:00etan hasiko da, erdiguneko kaleetan Doinuzar gaiteroek egingo duten dianarekin. Erraldoiak 11:30ean aterako dira, Bikuñatik eta Santikutz egoitzatik, eta kalejira luzea egingo dute erdigunean ere.
Goizeko ekinaldia amaituta, arratsaldean aterako dira berriz erraldoiak, 17:00etan, eta erdigunean zehar ibiliko dira. Ordu eta erdi geroago Xaukena elektrotxaranga batuko zaie, eta 20:00etan hasiko den afarira bitarteko tartea alaituko dute musikarekin eta dantzarekin. Afaria Kale Nagusian egingo dute, Gurrutxaga tabernan enkargatutako ogitartekoekin.
Festak afalostean jarraituko du. 23:30ean, Larrain Dantza herrikoia egingo dute Kale Nagusian, eta 00:00etan beste musika saio bat hasiko da, oraingoan Joselontxos txarangarekin. Kalejiran ibiliko da txaranga erdigunean, erraldoiei eskainitako festari amaiera ematen.