Lazkaoko Udalaren omenaldia Erlo tabernari
100 urte bete ditu Lazkaoko Erlo edo Lukasene tabernak. Kepa Zubiarrain alkateak oroigarri bana eman die lehengo eta oraingo kudeatzaileei.

Lazkaoko Udalak Erlo edo Lukasene taberna historikoari omenaldia egin dio gaur eguerdian, ehungarren urteurrenaren harira. Kepa Zubiarrain alkateak oroitzapenezko plaka bana eman die, lehenengo eta gaur egungo kudeatzaileei.
Udalak gogoratu duenez, “Lukasene taberna topaleku garrantzitsua izan da belaunaldiz belaunaldi lazkaotarrentzat. 100 urte hauetan zehar, udalerriaren historiaren parte diren ospakizun eta une berezi askoren lekuko izan da”.
Era berean, Kepa Zubiarrain alkateak herriko merkataritzaren garrantzia azpimarratu du ekitaldian: “Lukasene Lazkaoko tradizioaren eta nortasunaren adierazle da. Taberna honek garaietara egokitzen jakin du, baina beti bere esentziari eutsiz. Gure udalerrian baloratzen dugun guztia irudikatzen du: ahalegina, konpromisoa eta tokikoarekiko maitasuna. Gaur, haren mendeurrena ez ezik, gure udalerriko merkataritzaren bizitasuna ere ospatzen dugu. Lukaseneren mendeurrena tokiko merkataritza-ostalaritzaren sendotasunaren adibide garbia da”.
Omenaldi ekitaldiarekin, Lazkaoko Udalak “tabernako jabeen eta egungo kudeatzaileen ahalegina eskertu nahi izan du, haien dedikazioa eta Lazkaoko bizitza sozial eta ekonomikoan jokatzen duten funtsezko eginkizuna azpimarratuz”.