Ordiziako tren geltokia irisgarriago
Adifek 5 milioi euroko obrak egin ditu irisgarritasuna hobetzeko. San Bartolome auzoa herrigunearekin lotzeko pasabidea ere egin dute.

Adifek 5 milioi euro inbertitu ditu Ordiziako tren geltokiaren hobekuntza eta irisgarritasun obretan. Erabiltzaileen segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea izan da helburua, bidaiarien joan-etorriak erraztuz. Lanak erabat bukatu gabe baldin badaude ere, gehienak erabilgarri daude. Adifen eta Ordiziako Udalaren arteko lankidetzaren emaitza izan da.
Geltoki berriaren hasierako faseko lanak ondorengoak izan ziren: nasaren altuerak handitu, zoruan hormigoizko baldosak eta trena gelditzeko gunera hurbiltzeko seinaleak jarri. Geltokirako sarbideetan ere hobekuntzak egin ziren, baita instalazioen argiztapen-sisteman ere.
Bigarren fasean, berriz, San Bartolomeko aparkalekutik geltokira, nasa batera zein bestera, zuzenean igotzeko eraikina egin dute, dagoeneko erabilgarri dagoena; eskailerak edo igogailuak dituzte erabiltzaileek aukeran. Lurrazpiko pasabideari esker, ekainaren 5az geroztik, trenbidea pasatzeko bidea ere horixe da, laranja koloreko pasabidea. Urteetan trenbidea zeharkatu behar izan dute erabiltzaileek, eta dagoeneko bukatzen ari dira pasabide hori kentzeko obrak.
Trenbidearen alde banatan markesina berriak ere egin dituzte, metalezko estaldurarekin eta kristal handiekin. Ordiziaren izena irakur daitezke beirateetan, txuri, berde eta laranja koloreko hizki handiz idatziak. Markesina berriei esker, estalpe gehiago du Ordiziako geltokiak.

San Bartolome eta herrigunea lotzen dituen pasabidea ez dago oraindik erabilgarri.Loinaz Agirre.
Pasabidea San Bartolometik
Oraindik erabilgarri ez dagoena, San Bartolome auzoa eta aparkalekua eta herrigunea lotzen dituen pasabidea da. San Bartolomeko sarreran bi aukera izango dira beraz: geltokira joateko sarbidea (txartelak saltzeko makinekin) eta herrigunera joateko pasabidea.
Beste obra batzuk Goierrin
Aste honetan Ordiziako geltoki berrituko lanak ikusten izan dira Adifeko arduradunak eta erakunde desberdinetako ordezkariak. Santano Estatuko idazkariaren esanetan, «lan horiei esker, Ordiziak % 100 irisgarria izango den geltoki berritua izango du, segurtasuna, erosotasuna eta espazioen aprobetxamendu hobea irabaziz».
Irisgarritasuna hobetzeko beste proiektu batzuk ere baditu eskuartean Adifek Goierrin. Batetik, Legazpin, sarbidea hobetzeko obren lehen fasearen ondoren, geltoki berriaren proiektua idazteko hurrengo lizitazioa aurreikusten da. Bestetik, Ormaiztegiko eta Legorretako geltokien irisgarritasun-proiektuak idazten ari dira. Obra horiek denek, NextGeneration Europako funtsen laguntza jaso dute.