Zaldibiako 27. Gazte Festetako lehen eguna iruditan
Arkakusoaren jaitsiera, baltsa jaitsiera, afaria eta antzerkia egin dituzte, giro bikainean. Gaur sasi-pilotari finalak, sagardo dastaketa eta kontzertuak dituzte.

Data ez, baina orduz ohi baino lehenago hasi dira Zaldibiako 27. Gazte Festak. Arkakusoaren jaitsiera eta txupinazoa 17:00etan izan zen, eta buruhandiak kalez kale ibili eta gero, erreka ingurura joan ziren gazte denak. 2019an azkenekoz egin zen baltsa jaitsiera berreskuratu du aurten gazte asanbladak, eta parte-hartze eta ikusmin handia izan du.
Bederatzi lagun taldek parte hartu dute, hiru baltsako hiru txanda osatuta. Zamtor, Praixkurriok eta Zakazakak aritu ziren lehen txandan, bigarrenean Zisne-ondo, Seegaar eta Zazpuntzik, eta hirugarrenean Ziztorrak, Anixakik eta Neska Hawaiarrak. Bi zubien arteko erreka zatian joan etorria egin behar zuten, eta txanda bakoitzeko lehen sailkatuek jokatu zuten azken estropada. Praixkurriok izan ziren lehenak, Zazpuntzik bigarrenak eta Neska Hawaiarrak hirugarrenak.
Zaldibiako Goiztiri txaranga aritu ziren jaitsiera girotzen, baltsa gainean eta mozorrotuta gainera. Txarangari eman zioten baltsa originalenaren saria. Talde argazkia ateraz bukatu zuten.
Gauen antzezlana
Plazako frontoian borobilean eserita afaldu zuten gazteek, eta 22:00ak pasatxo zirela gazte asanbladako hainbat kidek antzezpen bat egin zuten. Bai baltsa jaitsierak bai antzerkia herritar asko erakarri zituen.
Gaur eta bihar jarraituko dute gazte festek. Gaur Sasi-pilotari txapelketako finalak, sagardo dastaketa eta kontzertuak dituzte. Bihar, Zubi-blok, afaria eta kontzertuak.
BIDEOA ETA ARGAZKIAK: Iñaki Gurrutxaga


































